NAIZ
ARETXABALETA

Euspot 2016 lehiaketak baditu irabazleak

5. edizioa du dagoeneko Euspot lehiaketak eta pixkanaka haziz doa. Aurten 34 lan aurkeztu dira eta bart jakinarazi dituzte irabazleak. Sari nagusia ‘Edertasuna barnealdean dago. Etorri eta ezagutu’ spotak irabazi du. Aurtengo gaia turismoa Gipuzkoa barnealdera erakartzea izan da. Mondragon Unibertsitateak, Arteman komunikazio enpresak eta Aretxabaletako Udalak antolatzen dute lehiaketa.

Turismoa Gipuzkoa barnealdera erakartzeko gaiari helduta ospatu da Euspot lehiaketaren aurtengo edizioa eta bart eman dituzte sariak Aretxabaletan. 34 lan aurkeztu dira guztira eta antolatzaileek 18 urtetik beherakoen sailean 13 lan aurkeztu direla nabarmendu zuten atzo. Horrekin batera, eta lehiaketaren hazkundearen isla, 2.000tik gora boto izan direla sarean spoten inguruan.

Sari banaketa Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean izan zen, Anjel Alkain aktoreak gidaturik. Besteak beste Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko hizkuntza normalizaziorako zuzendaria ere bertan izan zen, aurten Diputazioa babesle bilakatu baita Mondragon Unibertsitateak, Arteman komunikazio enpresak eta Aretxabaletako Udalak antolatzen duten lehiaketan.

Sariei dagokionez, nagusia ‘Edertasuna barnealdean dago. Etorri eta ezagutu!’ lanarentzat izan da (albiste hasieran ikusgai); egileak Patxi Irigoyen, Kike Otegui, Ibai Zabala eta Martxel Zubia dira. Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenari saria, berriz, ‘Sartu barrura’ lanarentzat izan da (Joseba Fuentes, Saioa Murura, Iratz Urkizu eta Josu Odriozola):

Publikoaren sariari dagokionez, ‘Amestu, murgildu, bizi’ (Alaine Aranburu, Eider Ballina, Anne Baskaran eta Imanol Eppherre) lanak eraman du:

Azkenik, gazteen saria ‘Etorri, bizi, gozatu’ (Eider Pozo, Marina Mulas, Maider Uribeetxebarria, Nerea Madinabeitia eta Leire Ancin) lanak eraman du:

Gainontzeko spotak ere ikusgai daude lehiaketaren Youtube kanalean.