@gara_miantzi
Usurbil

Madrilen ukoa eta gero, Usurbilek herritarrei itzuli die errausteari buruz galdetzeko eskumena

Espainiar Gobernuak ukatu egin dio Usurbilgo Udalari galdeketa bat egitea usurbildarrek sortutako hondakinak erraustu nahi dituzten jakiteko. Erabaki horren aurrean, herritarrei itzuli die Udalak galdeketa egiteko eskumena, «inoiz baino zilegitasun handiagoa duen galdeketa».

Xabier Arregi Usurbilgo alkatea eta Alaitz Aizpurua alkateordea, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Xabier Arregi Usurbilgo alkatea eta Alaitz Aizpurua alkateordea, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak eta Alaitz Aizpurua alkateordeak prentsaurrekoan adierazi dute espainiar Gobernuaren ukoaren aitzineko Udalaren jarrera. Agertu dutenez, honek ez du hondakinen errausteari buruzko galdeketa antolatzea eragozten dion aginduaren jakinarazpen ofizialik jaso oraindik, baina Espainiako Ministroen Kontseiluak joan den ostiralean argitaratu zuen albistea eta, beraz, badaki ukoa garbia dela.

Ezezkoa jaso aurreko ibilbidea errepasatu dute: usurbildar talde batek osatutako Erraustegia Erabakia herri ekimenak 1.185 sinadura aurkeztu zituen Udalean joan den urtarrilaren 30ean. Sinadura horien bidez, galdeketa bat egitea eskatzen zen. Udalak, sinadurak jaso eta Udalbatzara eraman zituen gaia zegokion lekuan eztabaidatzeko. Eta otsailaren 23ko Udalbatzan, gehiengoz, honako galdera egitea erabaki zen: «Usurbilgo hondakinak tratatzeko erraustea egoki iruditzen al zaizu?». Galdeketa lotesleak antolatzeko prozedurari jarraiki, espainiar Gobernuari baimen eskaera luzatu zitzaion martxoaren 4an.

Usurbilgo eta eskualdeko herritarren artean erraustegiaren eraikuntzak eta hau martxan jartzeak «ongizate eta osasunean eragiten duen kaltearen aurrean, zilegizkoa eta arduratsua» iruditzen zaie, ekarriko dituen ondorio eta kostu ekonomikoen jakitun, oraindik ere beren hondakinak erraustu nahi dituzten galdetzea.

Arazo etiko eta demokratikoa ere bai

Erraustea «ingurumenari eta osasunari eragiten dion arazo bat» ez ezik, «arazo etiko eta demokratiko» ere bilakatzen ari dela ohartarazi dute Arregik eta Aizpuruak. Salatu dutenez, inoiz ez zaie galdetu herriarrei hondakinak erraustearen egokitasunaz, eta Usurbilen saiatu izan direnean, ez zaie utzi. Gainera, kezkatuta daude erraustegiaren eta geroko kudeaketaren inguruko «opakotasunarekin».

«Gutxieneko osasun bermerik izan gabe, herrialdeko gizarte eragile askoren aurkakotasunarekin eta Europan hainbat erraustegik sortu dituzten arazoei muzin eginez, aurrera jarraitzen dute proiektuarekin», kritikatu dute.

Gipuzkoako eragile politikoei eta herritarrei hitza eman eta errausketari buruzko «eztabaida zintzo eta zentzuzko bat» emateko gonbita luzatu die Udalak, herritarrak eta beren osasuna erdigunean jarriz eta alderdien interesak alde batera utziz. Usurbilgo Udalak ez du egin asmo zuen herri galdeketa aurrera eramateko baimenik. «Horrek beste arazo batzuk ere agerian uzten ditu: nork, noren gainean, zergatik, nola eta ze argudioren gainean hartzen dituen erabakiak. Hori, Usurbilen esaten den bezala, beste kupeleko sagardoa izan daiteke batzuentzat, baina uste dugu benetan arduraz hartzekoa dela erabakiak hartzeko modua eta hauek izan dezaketen eragina, gehiago herritarrei bizkarra emanez hartzen badira».

Hala, herritarrei itzuli die Udalak galdeketa egiteko eskumena, «kezkaren tamaina ezagututa, inoiz baino zilegitasun handiagoa duen galdeketa».