NAIZ

Sortuk martxa egingo du Fresnesera gose greban dauden presoei babesa helarazteko

Sortuk Fresneseko espetxera martxa antolatu du larunbat honetarako, bertan gose greban dauden presoei babesa adierazi eta «espetxe politika kriminalarekin amaitzeko ordua dela» aldarrikatzeko. Gaur 15 egun betetzen dituzte gose greban.

Larunbatean Freseneseko espetxera martxa egingo du Sortuk. (@SortuEH)
Larunbatean Freseneseko espetxera martxa egingo du Sortuk. (@SortuEH)

Ostiralean Fresnesera martxa antolatu du Sortuk bertan gose greban dauden presoei babesa helarazi asmoz et «frantziar Estatuaren espetxe politikaren arduradunei bertatik bertara esateko nahikoa dela, espetxe politika kriminalarekin amaitzeko ordua dela».

15 egun bete dira gaur Itziar Moreno euskal preso politikoari ezarritako zigorra salatzeko Fresneseko espetxean gizonezkoen moduluan dauden euskal preso politikoek gose greba hasi zutenetik eta atzo bertan Itziar Moreno bera eta Ekhiñe Eizagirre batu zitzaizkien.

Sortuk gaur agerraldia egin du, eta bertan ekimena aurkeztu du: «Euskal Preso Politikoei etengabeko salbuespen neurriak ezartzen jarraitzeak 2016an helburu bakarra du: presoen eta bere senideen sufrimendua areagotzea, eta bide batez, gatazka politikoaren konponbidea eragoztea», adierazi du Amaia Izkok.

Zentzu honetan, azpimarratu egin du «eskubide urraketa eta mendekua oinarri duen espetxe politika iraganeko politika» dela, eta Euskal Herriko jendarte eta eragile gehienak, dispertsioa eta salbuespeneko neurrien aurka azaldu direla. «Garaia da halako zigor neurriekin behin betikoz amaitzeko». Horretarako «indarrak batzearen beharra» nabarmendu dute, baita jendarteak «aurrera pauso bat» eman behar duela. Testuinguru horretan antolatu dute larunbateko martxa.

Honela, ostiral gauean autobusak aterako dira Bilbo, Donostia, Iruñea, Irun, Errenteria, Zarautz eta Hernanitik.