NAIZ
DONOSTIA

Ernaiko hainbat kidek isunak jaso dituzte, abenduan presoen etxeratzea exijitzeagatik

Iragan abenduan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan presoen eskubideen alde eta haiei elkartasuna adierazteko kateatu ziren hainbat gaztek isunak jaso dituzte, Ernai gazte antolakundeak jakinarazi duenez.

Ernai gazte antolakundeko kideek agerraldia egin dute Donostian isunak salatzeko. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Ernai gazte antolakundeko kideek agerraldia egin dute Donostian isunak salatzeko. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Ernai gazte antolakundeko hainbat kidek isunak jaso dituzte abenduan burututako ekimen bat dela-eta eta haietako bat epaitu egin zuten duela hilabete. Orduan, Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Donostian kateatu ziren euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatu eta haien etxeratzea exijitzeko. Gaur gipuzkoar hiriburuan egin duten agerraldian, «elkartasuna ez dagoela gelditzerik» nabarmendu nahi izan dute.

Gogora ekarri dute oraindik ere Euskal Herrian preso politiko ugari daudela. «Hala ere, gure herrian ederki jakin izan dugu falta den aulki bakoitzaren inguruan dantza egiten. Elkartasunez eta konpromisoz», azpimarratu dute. Zentzu honetan kokatzen dute abenduaren 30ean, gabonetan, egindako ekintza.

«Euskal Herrian bizi dugun garai honetan, preso eta iheslarien aldeko borroka ahalik eta eraginkorrena behar du izan. Amnistiaren norabidean, barrutik eta kanpotik ekin behar dugu, azken euskal preso eta iheslari politikoa etxean izan arte. Euskal preso eta iheslarien kolektiboek daukate azken hitza, eta guri dagokigu beraien hitza defendatu eta kaleratzea. Ontzi berean goazen borrokalariak gara», gehitu dute.

Modu honetan, espetxeetan bizi den egoera «oso larria» salatu dute. «25 kide daude isolamenduan bahiturik. Gaixo larri dauden presoen egora krudela, eskubideen murrizketak edota astebururo-astebururo senide eta lagunek milaka kilometro egin beharra horren adibide da». Horregatik, «mendekuzko espetxe politika honekin bukatu beharra» dagoela adierazi dute.

Bide honetan, gizartearen parte hartzea eta aletxoa jartzea eskatu dute. «Denoi dagokigu guztien sorterriratzeko bidea egitea». Azkenik Fresneseko espetxean gose greban dauden presoak ekarri dituzte gogora, eta babesa adierazi diete. «Bat loturik deino, ez gara libre izango».