@ArianeKamio
Amurrio

Euskal kulturaren komunikazioa gogoeta gai, Amurrion

Euskal Herriko hamar komunikabide desberdinetako ordezkariak Amurrion bildu dira gaur euskal kulturaren komunikazioan dauden gabeziak aztertu eta aterabide bateratuak bilatze aldera.

GARAko Kultura saileko arduradun Xole Aramendiren hitzartzea. (ARGAZKI PRESS)
GARAko Kultura saileko arduradun Xole Aramendiren hitzartzea. (ARGAZKI PRESS)

Euskal kultura nola helarazi eta komunikazio horretan dauden zailtasunak aztergai izaten ari dira gaur Amurrion, Jalgi Euskal Kulturaren Plazaren baitan antolatutako jardunaldietan. Hamar komunikabide desberdinetako ordezkariak batu dira bertan –GARAko Kultura saileko arduradun Xole Aramendi tartean–, norberak bere esparrutik bizi dituen gabezia horiek mahai gainean jartzeko.

Askotarikoak dira Amurrion batutako ordezkariak, eta errealitate desberdinak bizi dituzte. Goizeko ponentzietan bildu diren ideien artean, prekarietateaz aritu da bat baino gehiago eta sortzaile eta kazetarien arteko komunikazioaren edo harremanaren beharra ezinbestekotzat jo dute.

Bakoitzak hamar minutuko hitzaldian laburbildu ditu bere kezka eta ezintasunak, eta horren ondotik, lan taldeetan bilduko dira ideia guztiak garatzeko. Arratsaldean mahaingurua izango da.