NAIZ
BILBO

Hizkuntza gutxituen sare europarrak protesta egin du ETB Nafarroan ikusteko debekuagatik

Patxi Baztarrika Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuorde eta Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarreko (NPLD) presidenteak jakinarazi du gutuna bidali diola Estrasburgora Hizkuntza Eskubideen Europako Kartaren adituen batzordeari, ETB berriro ere Nafarroan ikusi ahal izateko bultza egin dezan.

Patxi Baztarrika, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Patxi Baztarrika, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

NPLD sarea urteko Batzar Nagusia egiten ari da Bilbon, eta Baztarrika prentsaurrekoan agertu da bileraren nondik norakoak azaltzeko, sareko kide diren zenbait gobernu eta erakundeetako ordezkariekin, tartean Meirion Prys Jones NPLDko sortzaile eta zuzendari eragilea, Peggy Heikkinen NPLDko presidenteordeetako bat, Ruben Trenzano Valentziako Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua eta Mikel Arregi Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendari gerentea.

Horrela, ETBk Nafarroan emititzeari uzteko espainiar Gobernuak egindako eskaera Hizkuntza Eskubideen Europako Kartaren «letraren eta espirituaren kontra» doala ziurtatu du Baztarrikak, eta gogorarazi du Eurokartaren adituen batzordeak hiru urtero egiten duen ebaluazio txostenen «behin eta berriz» agertu duen gomendioa izan dela «ETB euskararen lurralde guztietan, eta beraz, Nafarroan ere ikusteko erraztasun guztiak sortzea».

Hori horrela izanik, Baztarrikak jakinarazi du Eurokartaren adituen batzordeari Estrasburgora gutuna bidali diola NPLDren izenean, bere presidente gisa eta sareko zuzendaritza batzordearen adostasunez, Nafarroan ETBren emisioekin gertatutakoa jakinarazteko, eta eskatzeko, «egokien ikusten duen moduan, berak ere bultza egin dezala egoera hau gainditzeko».