NAIZ
Baiona

Portuko gune industriala blokeatu dute Tarnosen, lan erreformaren aurkako protesta egun berri batean

150 bat militantek portuko gune industriala blokeatu dute Tarnosen, frantziar Estatuko lan erreformaren aurkako protesten zortzigarren egunean.10:00etan amaiera jarri diote blokeoari, baina eguerdian 1.700 pertsona inguruk Baionako Saint-Leon biribilgunea blokeatu dute.

Kamioien sarrera blokeatu dute Tarnoseko portuan. (Bob EDME)
Kamioien sarrera blokeatu dute Tarnoseko portuan. (Bob EDME)

Baionan portuko gune industrialerako sarrera blokeatu dute 150 bat militantek gaur goizean. Frantziar Estatuan lan erreformaren aurkako zortzigarren protesta eguna dute gaurkoan.

«Lan legearen kontra, bloka, bloka, blokatu» oihu artean blokeatu dute sarrera. Tentsio uneak ere bizi izan dira, kamioi bat sartzen saiatu irainka hasi denean. Protestan zeuden emakume eta gizonak kamioiaren aurrean eseriz egin diote aurre.

Honekin eta beste kamioilariren batekin eztabaidatu ostean, asanblada bat burutu dute, protesta aurrera nola eraman erabakitzeko. Honela, 10:00etan amaiera jartzea hobetsi dute. 12:00ak aldera, aldiz, 1.700 pertsona inguruk Baionako Saint-Leon biribilgunea blokeatu dute, Kazetak jakinarazi duenez.

Azkenik, 13:00ak aldera, Frantziako Bankuaren bulegoetako baten sarrera blokeatu dute. Jusq au retrait taldeak azaldu duenez «bertan dirua sartzea» oztopatu nahi zuten. Bertan ordubete inguru igaro eta gero, ekintzari amaiera jartzea erabaki dute.

Frantziar Estatuan erregaien urritasunak markatu du protesta egun hau.