NAIZ

Mosaiko erraldoia egin dute Larraitzen ekainaren 5era begira

Datorren igandeko galdeketetan parte hartzeko azken deia egin dute goierritarrek, Larraitzetik, 2011an ere mosaiko erraldoia egin zuten toki berdinean.

Mosaiko erraldoia Larraitzen ekainaren 5era begira. (Josu ALTZELAI / ARGAZKI PRESS)
Mosaiko erraldoia Larraitzen ekainaren 5era begira. (Josu ALTZELAI / ARGAZKI PRESS)

Ekainaren 5ean galdeketak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat herritan eta bertan parte hartzeko deia luzatu dute goierritarrek. Ekitaldi berezia izan da 2011an toki berean egin baitzuten mosaikoa. Ekaineko galdeketetan parte hartzea sustatu asmoz hainbat ekimen egiten ari dira kontsultak izango diren herritan, Bergaran eta Azpeitian arratsaldean lipdub jendetsuak antolatu dituzte eta Ispasterren boto orrien banaketa egin dute auzoz auzo.

34 dira, guztira, ekainaren 5ean galdeketak egingo dituzten herriak. Goierrin, Debagoienan, Azpeitian eta Ispasterren. Datorren urterako beste dozenaka galdeketa iragarri dituzte Sakanan, Oarsoaldean, Uribe Kostan eta Hernanin, besteak beste. Gaur, Arrigorriagak iragarri du 2017rako galdeketa prestatzen ari direla.

Oraindik galdeketarik programatu ez duten herrietan ere lanean ari da Gure Esku Dago dinamika, tokian toki erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak sustatuz. 

Kataluniaren adibidea erreferentzia garrantzitsua da dinamikarentzat eta horren adibide, gaur Antxeta irratiak antolatuta, Hondarribian mahai ingurua izan da. Jordi Sanchez ANCko presidentea eta Paco Martinez Sumate plataformako kidea izan dira gonbidatuak, Zelai Nikolas Gure Esku Dagoko kidearekin batera.


Ezkerretik eskuinera; Paco Martinez (Sumate), Zelai Nikolas (Gure Esku Dago), Jordi Sanchez (ANC) eta Aitziber Zapirain Antxetako kazetaria. (Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS)