NAIZ
Baiona

Estatu frantsesaren «kriminalizazio estrategia» salatuko dute larunbatean Baionan

Iragan astean izandako Teo Salomon gaztearen atxiloketaren harira, Aitzina gazte mugimenduak eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboak manifestaldia deitu dute Baionan larunbaterako. ‘Errepresioa ez da bidea’ lelopean, Estatu frantsesak erabiltzen duen «kriminalizazio estrategia» salatuko dute.

Aitzina eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideek mobilizazioa deitu dute larunbaterako. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Aitzina eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideek mobilizazioa deitu dute larunbaterako. (Isabelle MIQUELESTORENA)

‘Errepresioa ez da bidea’ lelopean, Aitzina gazte mugimenduak eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboak mobilizazio bat antolatuko dute ekainaren 4ean Baionako kaleetan barrena Teo Salomonen atxiloketa salatzeko.

«Argi genuen atxiloketa berri horri erantzun bat eman behar zitzaiola. Beste behin ere Euskal Herrian bake prozesua irekia den garaian, gatazkaren konponketarako urratsak eman ordez, Estatu frantsesa errepresioarekin tematzen da. Ipar Euskal Herriko jendartea interpelatu nahi dugu», adierazi du Aitor Servier Aitzinako kideak.

Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Baionako San Andres plazatik. Atxiloketa honen aurrean, gazteriaren mobilizazioaren beharra nabarmendu du. «Gazteriaren zati bat politikarekin desinteresatua dago», onartu du. Eta horren aurrean Aitzinak «gazteriaren kontzientzia politiko horretan eragin» nahi duela azpimarratu.

«Ez ditugu euskal gatazka gordinak bizi, baina, Euskal Herrian bakean bizi nahi dugu gatazkaren muin politikoari erantzunez eta arrazoi politikoari helduz. Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea du», erantsi du.

2015eko urtarrilean atxilotu zuten lehen aldiz Salomon. «Horrekin ikusten da, beste behin ere, Estatua errepresioaren estrategiarekin ari dela. Leporatzen zaizkion ekintzetatik bat ere ez da frogatu», gehitu du Serverrek.