NAIZ
PARIS

Michèle Alliot-Marie Frantziako hauteskunde presidentzialetara bere kasa aurkezteko prest

Eskuin frantziarreko euskal aurpegi ezagunena da Michèle Alliot-Marie eta orain urrats berri bat eman eta 2017ko Frantziako hauteskunde presidentzialetara bere kasa aurkezteko prest dagoela adierazi dio ‘Le Monde’ egunkariari. Republikanoen primariak hauteskundeetarako aurkezteko «moduetako bat» besterik ez direla dio eta ez zaizkiola «interesatzen».

Michèle Alliot Marie (Gaizka Iroz)
Michèle Alliot Marie (Gaizka Iroz)

Frantziako hurrengo hauteskunde presidentzialetan euskal herritar bat hautagai izateko bidean da, Michèle Alliot-Mariek ‘Le Monde’ egunkariari adierazi dio uztailaren 4ean egin asmo duela ofizial bere iragarpena baina 2017ko hauteskundeetara aurkezteko bideari ekin diola, «erabakia hartuta dago». Gainera, alderdiaren babesik gabe, bere kasa aurkezteko prest agertu da MAM.

Udazkeneko primarietara aurkez zitekeela zioten ahots batzuk, politikari lapurtarrak, ordea, bere kasa aurkeztuko dela dio. «Primariena bideetako bat besterik ez da», bere esanetan «ez dira nere interesekoak, asko euren burua ezagutarazteko edo ministro postu bat negoziatzeko aurkezten dira, horrek ez du zentzurik».

Otsailean Pirinio Atlantikoetako Les Republicains alderdiko presidente izendatu ostean, apirilean ‘Nouvelle France’ mugimendua abiarazi zuen, itxura guztien arabera alderdi eskuindarraren baitako primarietara aurkezteko asmoz. ‘Le Monde’-k jasotako adierazpenen arabera, ordea, bide horri uko egin dio urte luzetan Donibane Lohizuneko auzapez izandakoak, bere kasa ekiteko presidentzialetarako lehiari.