NAIZ
BAIONA

Claude Larrieu NPA eta Bagoazeko bozeramailea hil da Iparlan, irristatu eta amildu ondoren

Claude Larrieu angeluarra, NPA alderdiko eta Bagoazeko bozeramailea hil da gaur Iparla mendian. Hirukasko traila egiten ari zela irristatu eta erori egin da.

Claude Larrieu, Emilie Martinekin, urtarrilean, Bagoazen agerraldi batean. (Bob EDME)
Claude Larrieu, Emilie Martinekin, urtarrilean, Bagoazen agerraldi batean. (Bob EDME)

Hirukasko trailean parte hartzen ari zela hil da gaur goizean Claude Larrieu angeluarra Iparla mendian, Bidarrai inguruan.

‘Sud-Ouest’ egunkariak azaldu duenez, Iparlako tontorrean zegoela mendizalea irristatu eta 150 metro inguru amildu da.

Larrialdi zerbitzuek 10.40 aldera jaso dute ezbeharraren abisua eta helikoptero bat bidali duten arren ezin izan dute mendizalea suspertu.

Larrieu, 70 urtekoa, irakaslea zen eta erretiratuta zegoen. Oso ezaguna zen Angelun, hainbat arlotan egindako lanagatik. NPA alderdiko bozeramailea zen Pirinio Atlantikoetan. 2014ko udal hauteskundeetan Angeluko ezkerreko hautagaitzaren zerrendaburu izan zen.

Bagoazeko eledun ere bazen Larrieu eta presoen eskubideen aldeko defentsan lan handia egin zuen. Jusqu’au retrait kolektiboko kide ere bazen angeluarra.