UEU
IRUÑEA
Elkarrizketa
Jone Arroitajauregi
ALDEEko presidentea

«Aldaketa asko epe laburrean garatzen ari dira eta profesionalok formazioa eta denbora behar dugu»

ALDEE (Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentrotako Profesionalen Euskal Elkartea) elkarteko presidentea da Jone Arroitajaruegi eta berari dagokio ALDEEk eta UEUk elkarlanean antolatutako ‘Informazio eta Dokumentazio kudeatzaileen II. Bilkura’-ren ardura. Bilkura honetan software librea izango da protagonista.

Jone Arroitajauregi.
Jone Arroitajauregi.

Web semantikoak zein aldaketa ekarri ditu artxibo, liburutegi eta dokumentazio zentroetan?
Esparruen arteko mugak lausotzen ari dira. Bilkurari izena jarri genionean ere hori genuen gogoan: informazio eta dokumentazio kudeatzaileak. Informazioa eta dokumentuak kudeatzen ditugu denok ere, eta informatizazioa da gure lan eremua. Baina iraultza batez ere dokumentuen deskripzioan eman dela esango nuke. Lehenago dokumentuen deskribapenaren aspektu formalak oso normalizatuta zeuden bilaketak errazteko, informazioa elkar trukatzeko eta informazioa modu egokienean zabaltzeko.

Teknologiek asko erraztu dute informazioaren bilaketa eta zabalkundea, horregatik, orain dokumentuak web semantikoaren ikuspuntutik deskribatzen dira, informazio piezen arteko lotura eta erlazioen bila.

Formazio nahikoa al dago?
Oraindik formazio asko behar dugula iruditzen zait. Aldaketa asko epe laburrean garatzen ari dira, eta profesionalok formazioa behar dugu bai, baina aldaketa horiek barneratzeko eta eguneroko lanean ezartzeko denbora ere bai. Gaurkoa aukera ezin hobea da, informatikarien ikuspuntua ere izango dugulako, gai hauen ezagutza zabaltzeko bidean.

Software libreen erabileraz jardungo duzue ikastaroan. Zein da gaur egungo egoera?
Gaur egun ez zaigu arrotza gertatzen. Informazio arloko profesionalen artean fenomeno jakina dela iruditzen zait, zabaltzen ari dena. Erakundeek ere gero eta gehiago jotzen dute tresna hauetara eta naturaltasunez ikusten dira.

Ikastaroan hainbat proiektu ezagutzeko aukera izango da, gainera.
Iñaki Alegriak informatikarien ikuspuntua eskainiko digu, informazioaren profesionalentzako software librearen arloan dagoena azalduz. Itziar Folla Bilboko Liburutegi Digitala aurkeztera dator. Beste helburu batzuen artean, Bilboko Udalaren antzinako funtsak digitalizatu eta modu irekian eskaintzea izan du helburu proiektu honek. Arantza Mariskalek Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiaz jardungo du. Alde batetik liburutegiko funts “ohikoak” kudeatzeko Koha tresna baliatu dute, baina, software librearen aldeko hautua erakundearen helburu eta oinarrien haritik egin da: guztien artean sortu, partekatu… Azkenik Iñaki San Vicente Elhuyarreko kideak Ondarebideak proiektua aurkeztuko du. Interesgarria da software librea erabiltzen delako plataforma garatzeko eta, bestetik, gure sektorerako egina dagoelako, hau da, liburutegi, museo eta artxibategietako ondare digitala kudeatzeko. Gainera, elkarlanean egindako egitasmoa da (Euskomedia, Elhuyar, Ixa).