NAIZ

Zein dira euskal hiztunen behar digitalak?

Elhuyar kide duen DLDP Europako proiektuak inkesta bat jarri du abian sarean euskal hiztunen behar digitalak zehaztu asmoz. Erabiltzaileen erantzunak oinarri hartuta kit moduko bat osatu nahi dute, erabilera areagotzeko.

DLDPren inkestaren galderetako bat.
DLDPren inkestaren galderetako bat.

Digital Language Diversity Project (DLDP) ekimenaren baitan inkesta abiatu dute Europako lau hizkuntza gutxituetako hiztunen beharrak aseko dituen baliabide digitalak indartu asmoz. Elhuyar ere proiektuaren parte da eta berak zabaldu du inkesta betetzeko deia. Ahalik eta euskal hiztun gehienen erantzunak jaso asmo dituzte, jasotako emaitzekin Digital Language Survival Kit izeneko baliabide berri bat osatuko dute, «erabilera biziarazteko gomendio-multo bat», Elhuyarren esanetan.

Inkestaren bidez euskal hiztunen behar digitalak ezagutu asmo ditu DLDPk, «helburua da arduradun politikoen eta interes-taldeen gida moduko bat izatea, etorkizunean lagunduko diena erabakitzen zeind iren hizkuntza-erakundeek eta gobernuek garatu behar lituzketen tresna digitalak».

Inkesta ahalik eta jende gehienak betetzea komeni denez hura bete eta ingurukoen artean banatzeko deia egin du Elhuyarrek.

Euskaraz gain, beste hiru hizkuntzen beharraz ere galdetuko du DLDPk: bretoiera, kareliera eta sardiniera. Proiektuan elkarlanean ari dira Elhuyarrekin batera Italiako Consiglio Nazionale delle Ricerche, Frantziako Estatuko European Language Equality Network, Alemaniako Mainzeko Unibertsitatea eta Kareliar Hizkuntza Elkartea (Finlandiako Estatua).