Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Gloria Gaynor: «Disko musika zoriontasuna dariolako da boteretsua»

Gaur 21.00etatik aurrera Zurriolako oholtza hartuko du Gloria Gaynor, disko-musikaren erreginak. Goizean prentsaren aurrean egindako agerraldian, ezagun egin zuen musikaren bertuteak goraipatu ditu.

Gloria Gaynor Kursaaleko oholtzan izango da gaur gauean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Gloria Gaynor Kursaaleko oholtzan izango da gaur gauean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Urte askoan disko musikaren erreginatzat hartua izan da Gloria Gaynor eta, egun, esparru hori txiki geratzen zaiola-eta, musika beltzaren mito bizietako bat bezala hartua da ‘I Will Survive’ edo ‘I Am What I Am’ gisako abesti mitikoen sortzailea. Iluntzean Jazzaldiko oholtzara igo aurretik, prentsaren aurrean agerraldia egin du gaur goizean eta, nagusiki, disko musikaren bertuteak goraipatu ditu New Jerseyn jaiotako abeslariak.

«Musikaren historian, disko musika izan da arraza eta erlijioen gainetik jarri eta jendearen artean adostasuna izatea lortu duen bakarra, jendea banandu beharrean puntu komunak bilatu eta batu dituena», esan du Gaynorrek, eta hori musika estilo horrek alaitasuna eta zoriontasuna sustatzen dituelako dela nabarmendu du: «Disko musika zoriontasuna dariolako da boteretsua. Zoriontsu sentitzen zarenean zaila da ondokoarekin haserretzea, puntu komun horien bila abiatzen zarelako».

Gaynor izango da gaur abiatzen den Jazzaldiaren 51. edizioan Zurriolako oholtzara igotzen lehena eta jaialdian egotea «zoragarria» dela esan du, «nire dohaina partekatu ahalko dudalako; ziur naiz elkarri asko emango diogula eta gau zoragarria izango dela».

Kontzertua 21.00ean abiatuko da eta, aurreratu duenez, oholtza gainean berarekin batera zazpi musikari, hiru abeslari laguntzaile eta koru bat ere izango dira. Gaynor ezagun egin duten abestiez gainera kantu erlijiosoei eta bere azken diskoko abestiei ere tartea eskainiko diola aurreratu du.