NAIZ
DONOSTIA

Uztailaren 28an onartuko dituzte Zubietako erraustegia eraikitzeko baldintza pleguak

Uztailaren 28an onartuko dituzte Zubietako erraustegia eraikitzeko baldintza pleguak, EAJk eta PSEk GHKn duten gehiengoari esker. Erraustegiaren aurka dauden hainbat eragilek sei hilabeteko luzamendua eskatu dute, «eztabaida serio, sakon eta partekatua» egiteko.

Erraustegiaren aurkako eragileen agerraldia, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Erraustegiaren aurkako eragileen agerraldia, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EAJk eta PSEk GHKn duten gehiengoa baliatuz, Zubietako erraustegia eraikitzeko baldintza pleguak uztailaren 28an onartzea erabaki dute. Hala jakinarazi dute gaur Donostian egin duten agerraldian. Bertan izan dira EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza eta Equo alderdiak, ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuak, Erraustegiaren Kontrako Asanblada eta Eguzki talde ekologistako kideak.

EAJ eta PSEri sei hilabeteko luzamendua eskatu diote. «Epe honen helburua eztabaida serio, sakon eta partekatua egitea da, bertan alderdi politikoak, erakunde sindikalak, talde ekologistak eta, oro har, gizarte zibil zabalak, Gipuzkoak behar dituen hondakinak kudeatzeko azpiegiturei buruz hausnartzeko», azaldu dute.

Asanbladaren aburuz, afera «erraustegia edo zabortegia» eztabaidara mugatzeak «ez dauka ez hanka ez buru». Hondakinen kudeaketatik haratago, bilketa eta sorkuntza ere kontuan hartu behar direla azpimarratu dute.

Erraustegiaren arazoaren aurrean PIGRUG berria dela gakoa iritzi dute, zaharraren iraunaldia aurten bukatuko da-eta. 2017-2030 epealdirako plan berria orain ari da osatzen, eta asanblada honen iritziz «erraustegirik behar ote dugun ala ez» jaso beharko luke, baina «Diputazioak argi eta garbi esan du, PIGRUG berriak edozein gauza esanda ere, erraustegia eraikiko duela».

Honen aurrean «argi» ikusten dute alternatiba «bideragarria, eraginkorra, moldagarria eta jasangarria» dagoela, baina «neurri politiko ausartak» behar direla iritzi diote. «Nekez lortuko dugu 34,5 milioi euroko kostea –urtero, 35 urtez– duen erraustegia egiten badugu».