NAIZ
DONOSTIA

Londresera hegaldiak abian dira Hondarribiko aireportuan

Gaurtik aurrera eta irailaren 1 arte Hondarribiko aireportutik Londresera joan ahal izango da. Goizean abiatu da estreinako hegaldia, Donostia 2016 Hiriburutzako ordezkaritza bat barruan zihoala.

‘Gipuzkoa’ hegazkina bataiatzeko ur-zurrustak bota dituzte. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
‘Gipuzkoa’ hegazkina bataiatzeko ur-zurrustak bota dituzte. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Goizeko 9.25ean abiatu da Hondarribiko aireportutik Londres jomuga duen lehen hegaldia. Donostia 2016 Hiriburutzako ordezkaritza bat zeraman  bidaiarien artean ‘Gipuzkoa’ izenez bataiatu duten hegazkinak eta Luton aireportuan lur hartu du.

CRJ200 hegazkinak Hondarribiko aireportua eta Londres elkartuko ditu irailaren 1a arte. Hegaldiak astean bitan izango dira, astearte eta ostegunetan. Dagoeneko 500 erreserba baino gehiago egin dira. %65 Gipuzkoatik kanpoko bidaiarienak dira; horietatik %53 Britainia Handitik eta gainerako %12 Australia, Zeelanda Berria, AEB edo Uruguatik.

Londres eta Donostia batuko dituen lotura berri hau Ortzibia sozietatea Hondarribia-Donostia aireportua sustatzeko egiten ari den ekintzen artean dago. Hori dela-eta, hegaldiaren inaugurazio ekitaldian sozietate horretako ordezkariak izan dira, haien artean Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ana Oregi Lakuako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Politika sailburu eta Ortzibiako presidentea.