NAIZ
GASTEIZ

Lakuako Gobernuak ere ez du Chillida Leku museoaren erosketa finantzatuko

Lakuako Gobernuak ere ez du parte hartuko Chillida Leku museoa erosteko proiektuan, berak bakarrik ezin duelako bere gain hartu finantziazioa, Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez. Gipuzkoako Aldundiak uko egin ondoren etorri da Lakuaren erabakia.

Chillida Leku 2010eko abenduaren 31n itxi zuten. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Chillida Leku 2010eko abenduaren 31n itxi zuten. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Josu Erkoreka bozeramaileak ezaldu duenez, Lakuako Gobernuak ezin dio bakarrik aurre egin Chillida Lekuren erosketa gauzatzeko egitasmoari eta, horrenbestez, ez du proiektuan parte hartuko.

Erosketa operazioaren kostua guztira 100 milioi eurokoa zen, Aldundiak eta Gobernuak erdibana jarri beharrekoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak joan zen ostiralean iragarri zuen ez zuela museoaren erosketan parte hartuko, horretarako jarri behar zuen diru kopurua –50 milioi euro– gehiegizko jotzen zuelako.

Kazetarien galderei erantzunez Erkorekak esan du Lakuak ere ezin duela kantitate hori bere gain hartu berak bakarrik.

«Gaur gaurkoz behintzat ez dago proiektuarekin jarraitzerik; Jaurlaritzak ez du inoiz buruan izan berak bakarrik proiektu horri eustea, dimentsio handia dauka eta daukan garrantziagatik argi dago proiektu horri eustekotan Administrazio batek baino gehiagok elkarlanean jardun beharko dutela», esan du.

Horregatik, eta Gipuzkoako Aldundiaren erabakiaren ondoren, Lakuak «argi ikusi du berak bakarrik ezin dezakeela bere gain hartu egitasmoa eta babes publikoarekin jarraitzeko ez dagoela aukerarik».

Etorkizunean berreskuratuko den ala ez «ikusiko da, baina etapa bati amaiera ematen zaio erabaki honekin», bukatu du Erkorekak.