NAIZ
Portugalete

Unai Bilbao presoak bere senideei egindako bisitan Ertzaintzak izandako jarrera salatu dute

Portugaleteko Unai Bilbao euskal preso politikoak senideak bisitatu ahal izan zituen asteburuan jaioterrian. Ertzaintzak bisita guztian zehar izan zuen jarrera salatu du Etxerat elkarteak, presoa «eskuburdinak estu jarrita» izan zutela eta «oso jarrera oldarkorra» erakutsi zutela azpimarratuz.

Unai Bilbao euskal preso politikoak asteburuan etxera egindako bisitan Ertzaintzak izan zuen jarrera salatu du Etxerat elkarteak. «Eskuburdinak estu jarrita mantendu zuten bere jaioterrira egindako bisita osoan zehar eta jarrera oldarkorra erakutsi zuten ertzainek», adierazi dute ohar baten bidez.

Era berean, «etxeko portaleko eskailerak jaisten ari zela bultzatu egin zutela» nabarmendu dute. Granadako espetxean dago Bilbao, etxetik 860 kilometrora. Espetxeko zuzendaritzak atzeratu egin zuen Bilbaok bere adineko ama ikusteko eskatu zuen ez-ohiko baimena, baina ama abenduan zendu zen, Bilbaok ikusteko aukerarik gabe. Azken asteburuan eman zioten senideak bisitatzeko aukera.

Elkarteak egungo kartzela politikaren «beste adibide bat» salatu du, euskal preso politikoen senide eta lagunei «oinazea gehitu eta familia bizitza eskubidea era ezberdinez urratzen duena».