NAIZ
GASTEIZ

Bi emakumek jasandako eraso matxista salatu du Gasteizko mugimendu feministak

Gasteizko mugimendu feministak uztailaren 22an bi emakumek jasandako eraso matxista salatu du eta Ertzaintza zein Emakunderen jarrera eta «tratu desegokia» gaitzetsi ditu.

Joan zen uztailaren 22an bi emakumek jasandako eraso matxista salatu du Gasteizko mugimendu feministak. Emakumeak oinez zihoazela autoz zihoan gizon bat atzetik segika aritu zitzaien, masturbatzen zen bitartean.

Bi emakumeak salaketa jartzen saiatu ziren baina «saiakera batzuk» egin arren, ezin izan dute aurkeztu, mugimendu feministak jakinarazi duenez.

Ohar batean, Ertzaintzaren eta Emakunderen jarrera eta «tratu desegokia» gaitzetsi ditu mugimendu feministak. Erakunde horietara jo zuten gertatutakoa salatzeko, baina «beraien testigantza zalantzan jarri dute bi erakundeek, beraien hitzei sinesgarritasuna kenduz, eta oso larritzat jotzen dugu», adierazi du.

Bi emakumeek jasandakoa eraso matxista izan dela argi utzi nahi izan du, eta mota horretako erasoak aurreikusten ez dituen indarkeriaren legearen «hertsikeria» salatu du mugimendu feministak.

«Erasoak ez dira soilik kolpeak, erailketak eta bortxaketak. Ukituak eta jazarpenak ere erasoak dira», nabarmendu du.

Mugimendu feministak agerraldia egngo du asteartean, Gasteizko jaiak direla-eta landu duen protokoloa aurkezteko.