‘Zuen negozioa, gure minbizia’ lelopean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean protesta ekintza egin dute ehunka lagunek, Erraustegiaren aurkako Mugimenduak deituta.
Performance-a ikusgarria izan da, hainbat lagun lurrean etzan dira eta maindireekin estali dira. Chopinen hileta-martxa eta sirena hotsak entzuten ziren bitartean, Herio ere jende artean ibili da, sega eta guzti.
Juanmi Galatas Erraustegiaren kontrako Mugimenduko ordezkariak salatu duenez, erraustegiaren egitasmoak aurrera jarraitzen badu hondakinak ez ezik «baliabide asko erreko ditu» eta horiek zerbitzu publikoetatik, gizarte laguntzetatik edo udal aurrekontuetatik kenduko dira.
Erraustegiak euro bakarra balioko balu ere, «oso garestia izango litzateke, jokoan herritarron osasuna baitago», nabarmendu du.