NAIZ

Etxerik gabeko beste pertsona bat hil da Bizkaian

BesteBi plataformak jakinarazi duenez, etxerik gabeko 48 urteko gizon bat hil zen joan zen asteburuan Bizkaian. Txabola batean bizi zen, Ezkerraldea eta Meatzaldea artean.

Bilbon hildako etxerik gabeko pertsonak oroitzeko BesteBiren ekitaldia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Bilbon hildako etxerik gabeko pertsonak oroitzeko BesteBiren ekitaldia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Fernando, etxerik gabeko 48 urteko gizona, larunbat gauean hil zen bizitoki zuen txabolan, Ezkerraldea eta Meatzaldea artean dagoen eremu batean. Beste bi pertsonekin bizi zen eta bi urte inguru zeramatzan egoera horretan eta nahiz eta udal zerbitzu sozialen eta beste hainbat elkarteren laguntza izan zuen, bere osasun egoerak okerrera egin zuen.

BesteBi plataformak eman du Fernandoren heriotzaren berri, gizarte langile baten bidez jakin ondoren. Senide eta lagunei doluminak helarazi dizkie eta iraila hasieran Fernandoren oroimenez ekitaldi xume bat egingo dutela adierazi du. Etxebizitza bat izateko eskubidea ere aldarrikatuko du, batez ere gizarteko pertsona ahulenentzat.