NAIZ
BILBO

Rajoy inbestitzeko arrazoirik ez du ikusten Mendiak

Idoia Mendia PSE-ren lehendakarigaiak ez du arrazoirik ikusten bere alderdiak jardunean Gobernu espainiarreko presidente den Mariano Rajoy ez inbestitzeko hartua duen erabakia aldatzeko.

Idoia Mendia, PSE-ren lehendakarigaia, artxiboko irudi batean. (@socialistavasco)
Idoia Mendia, PSE-ren lehendakarigaia, artxiboko irudi batean. (@socialistavasco)

Bilboko Aste Nagusian ibili da PSE-ren lehendakarigaia den Idoia Mendia ere. Bertan, hainbat adierazpen egin dizkie komunikabideei. Hala, jardunean Gobernu espainiarreko presidente den Mariano Rajoyren inbestiduraz aritu da.

Adierazi du ez duela ikusten bere alderdiak aipatu inbestitudaren aurrean hartua duen erabakia aldatzeko motiborik. «Alderdiko organoek hartutako erabaki bat da, eta kitto. Ez du beharrik ikusten berau aldatzeko», azaldu du.

Gaineratu du pilota Rajoyren gainean dagoela, bera dela Gobernua osatzeko behar duen babesa lortzearen erantzule nagusia: «Inbestidura salbatzeaz gain, Gobernuaren estabilitatea dago jokoan».