NAIZ
Bilbo

Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon, hiru emakumeri sexu erasoa egitea leporatuta

20 urteko hiru emakumek salaketa jarri eta gero, bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean Bilboko plaza Biribilean, sexu erasoa egitea leporatuta.

Atzo beste sexu eraso bat salatzeko Bilbon egin zen protesta. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)
Atzo beste sexu eraso bat salatzeko Bilbon egin zen protesta. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Bilboko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu 06:00ak aldera, hiru emakumeri eraso sexuala egiteagatik. Era berean, autoritateari «erasoa eta desobedientzia» egitea leporatu diete. Bilboko plaza Biribilean eman da atxiloketa.

20 urteko hiru emakumek salatu dute erasoa. Bi gizonek lehenbizi Areatzan izan duten jarrera sexista salatu dute eta gero plaza Biribilean ukimenduak egin dizkiete. Salaketa jarri eta gero, plaza Biribilera itzuli dira eta udaltzainek bi gizonezkoak atxilotu dituzte.

Udaletxeak ohar baten bidez iragarri du eraso berri honen aurrean deitzen diren protesta guztietara batuko dela. Modu berean, bihar 13:00etan, elkarretaratzea burutuko dute Udaletxeko eskaileretan.