NAIZ
IRUÑEA

Nafarroako Komiki Azokaren zentsura salatu du H28 aldizkariak

Asteburuan abiatuko den Nafarroako Komiki Azokak bi lan zentsuratu dizkiola salatu du H28 sareko aldizkari satirikoak eta ondorioz azokan ez parte hartzea erabaki du. Azokaren antolatzaileek 14 laneko bilduma eskatu zieten, hauek bidaltzean horietako bi ez zirela egokiak erantzun zieten, H28k lan guztiekin ez bada ez duela parte hartuko erabaki du eta ez da azokan izango.

‘Charlie Hebdo’ aldizkariaren aurkako erasoa izan zenetik hilaren 28 oro sarean zabaltzen da H28 aldizkari satirikoa. Gaur, datorren asteburuan hasiko den Nafarroako Komiki Azokaren zentsura salatu du aldizkariak, bertan parte hartzeko gonbitea egin, onartu, eta aurkeztutako 14 lanetako bi ez direla egokiak erantzun ostean antolatzaileek. 

Aldizkariaren arduradunek adierazi dutenez, fanzineen inguruko erakusketa batean parte hartzeko gonbitea jaso zuten azokaren aldetik, hauek onartu eta bilduma osatu zuten orain arte argitaratutako lan ezberdinak jasoz. Horietako bi, ordea, ez zirela egokiak eta hautapenetik kanpo uzteko eskatu zien azokaren antolakuntzak. Opus Deiren ingurukoa zen bat, torturaren ingurukoa bestea. 

H28ko kideek bilduma osorik onartu ezean ez zutela parte hartuko esan zieten antolatzaileei, hauek euren iritziari eutsi diote eta beraz aldizkari satirikoa ez da izango azokan. 

Sarean zabaldu dute euren salaketa eta txio honetan ikus daitezke zentsura salaketa eragin duten irudiak ere: