NAIZ
GASTEIZ

Otegirekiko bidegabekeria ontzat ematea egotzi dio EH Bilduk EAJri

Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak Arnaldo Otegiren inhabilitazioa dela eta Eusko Alderdi Jeltzalea eta Urkullu «bidegabekeria onartu eta honi jarraipena» ematen ari direla salatu du. EiTBn Otegiren betoak jarraipenik izan ez dezan koalizioak aurkeztutako proposamenari jeltzaleek emandako ezetzak EAJk eztabaidatzeari dion beldurraren adierazle dela uste du.

EAJ Arnaldo Otegiren betoa ontzat eman eta honi jarraipena ematen ari zaiola uste du EH Bilduk. Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkide eta hautagaiak egin du salaketa azken egunotan alderdi jeltzaleko hainbat ordezkarik egin dituzten adierazpenak aintzat hartuta.

Iñigo Urkullu lehendakaria Juan Maria Atutxaren kasuarekin alderatu zuen atzo Otegiren egoera, jeltzaleen oraingo jarrera «arras ezberdina» dela salatu du Urruzunok, «Ibarretxeren EAJk ulertu zuelako Atutxa bidegabekeria baten biktima zela» eta horregatik «ez zituen zenbait ebazpen judizial aintzat hartu». Otegiren kasuan, aldiz, «Urkulluren EAJk ontzat eman eta jarraipena ematen dio gainera eztabaida elektoraletik kanpo utzi nahian». 

Urkulluk ezer ezin duela egin esan zuen atzo, Urruzunoren ustez ez da horrela eta eztabaida elektoralak egiteko aukeraren garrantzia aipatu du. «EiTBk bide eman behar dio eztabaida horri», esan du EH Bilduko hautagaiak.

Asmo horrekin telebista publikoaren Administrazio Kontseilura eraman zuen koalizio independentistak Otegi ez diskriminatzeko eskaria. EAJ, PSE eta PPk euren botoak batu zituzten, ordea, eskari horren aurka eta EH Bilduren ustez honek erakusten du «EAJk eztabaidatzeari eta ideiak kontrastatzeari beldur diola».

Bigarren eztabaidarik ez

Urruzunok azaldu duenez jada programatua dagoen hautagaien arteko eztabaidaz gain, bigarren bat egiteko proposamena ere egin du koalizioak, baina ez du aurrera egin EAJk, PPk eta PSEk aurkako jarrera erakutsi eta gero. «Irizpide politikoen arabera bakarrik» uler litekeen erabakia dela uste du koalizioak eta «eztabaida demokratiko, plural eta beharrekoz bati» ateak ixten dizkiola salatu du.