NAIZ
BILBO

Bildubusak koalizioaren proiektua herriz herri zabalduko du

Koalizio abertzaleak autobus bat erabiliko du hauteskunde kanpainako ekitaldietan bere proiektuaren berri emateko. «Autobus honekin herrietara fisikoki hurbiltzeaz gain, herritarrengana jo nahi dugu, hau ere beraien zerbitzuan jartzeko», esan du Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak.

Durangon aurkeztu dute Bildubusa. (EUSKAL HERRIA BILDU)
Durangon aurkeztu dute Bildubusa. (EUSKAL HERRIA BILDU)

Durangon eginiko aurkezpenean, Agirrek esan du autobusaren helburua dela «komunikazio zuzenerako eremu bat jendearen zerbitzuan jartzea». «Jendearengana hurbiltzeko bitarteko bihurtu nahi dugu, beraien aldarrikapenak eta ekarpenak entzuteko, beraien beharrak ulertzeko eta eskariak bideratzeko», azaldu du.

«Gure kanpaina garatzeko eremu garrantzitsuena kalea izango da; gure proiektua herriz herri eta kalez kale zabaldu eta konpartitu nahi dugu. Jendea, herritarrak bihurtu nahi ditugu protagonista nagusiak», azpimarratu du Agirrek.

«Ez dago herri proiekturik jenderik gabe –azaldu du Bizkaiko zerrendaburuak–; ez dago etorkizunik ez bada jendearekin kontatzen, ez bada eraikitzen jendearen borondatearen, nahiaren eta lehentasunen gainean. Hori izan behar da iparra. Eta horren gainean eraiki beharko dira ere Euskal Herriaren etorkizuna eta askatasuna bermatzeko akordioak».

«Gizarte justua eta duina; herri burujabe eta demokratikoa», horiek dira koalizio abertzalearen helburuak, Agirrek adierazi duenez. «Guztion herria izango denaren etorkizuna eraikitzeko proposamenak eta akordioak behar dira. Eta horiek dira hurrengo egunotan zabaldu nahi dugun proiektuaren zutabe nagusiak».