NAIZ
GASTEIZ

Gazteria gabe «herri honek etorkizunik ez» duela nabarmendu du Arnaldo Otegik

EH Bilduko bozeramaile Arnaldo Otegi Euskal Herriko gazteriari zuzendu zaio ostiral arratsalde honetan Gasteizen eginiko ekitaldian. «Herri honek ez du etorkizunik gazteria gabe. Etorkizunerako itxaropena eskaini behar diegu», azpimarratu du. 

Jende andana bildu da Gasteizko Foruen enparantzan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Jende andana bildu da Gasteizko Foruen enparantzan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Foruen plazan ekitaldia egin du EH Bilduk, Arnaldo Otegi eta Miren Larrion, Arabako zerrendaburua, bertan izan direla. Gazteriaren egoera ekonomiko eta soziala hizpide izan du Otegik eta, hala, lan munduan gazteek bizi dituzten baldintza prekarioak aipatu ditu, egoera hori iraultzeko politika eta neurri ausartak eskatuz.

Bestalde, Otegik esan du Gasteizko izpiritua Legebiltzarrera zabaldu nahi dutela. «Gasteiz eta Araba dira Euskal Herriaren XXI. mendeko erronkak ondoen ulertu dituena, herri honen aniztasuna ondoen ulertu duena. Gure herri baloreak, ezkerretik eta azpitik, ondoen landu dituena. Gune autogestionatuak, irrati libreak, eragile sozialak… bertan jaiotakoak zein etorritakoak», azaldu du.

Zentzu horretan azpimarratu duenez, «EH Bildu zerbait bada, herri aniztasunaren bilgune eta ordezkaritza da».

Era berean, Urkulluk gobernu indartsu eta egonkor bat eskatuz egin zituen adierazpenei ere erantzun die Otegik. Aukera bi daudela esan dio: erabakitzeko eskubidearen aldekoa eta murrizketarik gabeko bat, ezker subiranista, Ahal Dugu eta EAJ bilduko lukeen gehiengo bat, edo beste bat, EAJ, PSE eta PP batuko lituzkeena.

800 milioi euroko industria funtsa

Miren Larrionek herri honetako industria sektorea biziberritzeko neurri eta politika eraginkorragoak behar direla esan du. «800 milioi euroko industria funtsa sortzea proposatzen dugu –nabarmendu du–. Horrek balio beharko luke industria bultzatzeko eta dauden lanpostuak mantentzeko, indarrean dauden lan baldintzei eutsiz. Funts horren finantzazio iturria izan beharko lirateke euskal finantza erakundeak, jatorrian duten konpromiso soziala kontuan izanda, eta Eusko Jaurlaritza».

Era berean, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela ikerkuntza eta garapeneko inbertsioa BPGren %3rainokoa izatea, «Europako batez bestekoaren parean jartzeko».

EH Bilduren Arabako zerrendaburuak nabarmendu duenez, «Europako trena ez galtzea da gure helburua. Ondo prestatutako pertsonak ditugu eta horiei baliabideak eskaini behar dizkiegu, daukaten gaitasun eta prestakuntza hori garapen sozialaren zerbitzura jarri ahal izateko».