NAIZ
DONOSTIA

Irailaren 15ean bukatuko da posta bidezko botoa eskatzeko epea

Irailaren 15ean itxiko da EAEn erroldatuta dauden pertsonek irailaren 25eko Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako posta bidezko botoa eskatzeko epea.

Gipuzkoa, Bizkaia edo Araban erroldatuta daudenek eta posta bidez botoa eman nahi dutenek irailaren 15a baino lehen egin beharko dute eskaera, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Bozkatzeko modalitate horrek botoa emateko aukera ematen die hauteskunde egunean kanpoan egongo direla aurreikusten duten pertsonei eta gaixotasunagatik edo ezintasun fisikoagatik bozkatzeko lekura bertaratu ezin diren pertsonei.

Posta bidezko botoa eskatzeko lehen urratsa eskaera inprimakia betetzea da. Inprimaki hori posta bulegoetan eska daiteke. Eskaera bete eta sinatu ondoren, posta bulego batean entregatu beharko da botoa. Botoa jasotzeaz arduratuko den funtzionarioak NAN eskatuko dio hautesleari eta sinadurak berdinak direla egiaztatuko du.

Hauteskunde Erroldako Bulegoko ordezkaritzak irailaren 18ra arteko epea du, egun hori barne, honako dokumentazio hau posta ziurtatu bidez bidaltzeko hautesleak adierazitako helbidera: hauteskunde erroldako inskripzioaren ziurtagiria; botoa ematea dagokion hauteskunde mahaiaren zuzendaritzari zuzendutako gutun azala; ‘Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016 Elecciones al Parlamento Vasco’ idazpurua duen gutun azala, botoa bertan sartzeko; hautagai zerrenda bakoitzaren boto papera; argibideen orria.

Dokumentazio hori eskuetan duelarik, hautesleak botoa eman nahi dion hautagaitzaren boto papera hautatu beharko du. Boto paper hori ‘Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016 Elecciones al Parlamento Vasco’ izenburua duen gutun azalean sartu, eta gutun azala itxi beharko du. Azkenik, hauteskunde mahaiaren lehendakaritzari zuzendutako gutun azalean sartu beharko du hautatutako boto papera duen bozkatzeko gutun azala eta hauteskunde erroldako inskripzioaren ziurtagiria.

Bidalketa hori ez da frankeatu behar, baina doako premiazko posta ziurtatu bidez igorri beharko da. Irailaren 21a da botoa edozein posta bulegotan uzteko azken eguna.

Gaixotasunagatik edo ezintasun fisikoagatik bozkatzeko lekura bertaratu ezin diren pertsonek ere posta bidez bozka dezakete. Gaixotasun edo ezintasun fisikoko kasuetan (ziurtagiri mediko ofizial bidez egiaztatu beharko da), notario bidez edo kontsulatu bidez baimendutako beste pertsona batek egin dezake eskaera.