EAJ izango litzateke lehenengo indarra Gasteizko Legebiltzarrean irailaren 25eko hauteskundeen ondoren, 28 eserlekurekin, EiTB Focus inkestaren bigarren proiekzioaren arabera. Duela hamabi egun kaleratu zuten galdeketan baino ordezkari bat gehiago izango lukete jeltzaleek. 2012rekin alderatuta, parlamentari bat gehiago izango lukete eta hiru lurraldeetan izango litzateke indarrik bozkatuena.
EH Bildu izango litzateke bigarren indarra Parlamentuan, 17 eserlekurekin. Aurreneko inkestako emaitza bera izango luke eta duela lau urte baino lau gutxiago.
Elkarrekin Podemos koalizioari 13 ordezkari ematen dizkio bigarren atal honek, irailaren 7koak baino bat gutxiago.
PSEk, aldiz, ordezkari bat irabaziko luke eta 9 eskuratuko lituzke. 2012tik hona zazpi ordezkari galduko lituzke.
PPrentzat zortzi legebiltzarkide aurreikusten ditu EiTBk, lehen inkestan bezala –duela lau urte baino bi gutxiago–.
Ciudadanosek, azkenik, ez luke ordezkaririk lortuko Parlamentuan estimazio horren arabera.
Irailaren 14 eta 15ean egin zuten bigarren inkesta hau. Hiru lurraldeetan eserleku bana dantzan dagoela diote emaitzek: Araban ehun botok erabakiko lukete, Gipuzkoan 800ek eta Bizkaian, 1.600 botok.
eta aipatu beharra dago botoa nori eman zalantzan daudenen kopuruak gora egin duela lehen inkestarekin alderatuta.