NAIZ
bilbo

Mendiak onartu du emaitza txarrak izan dituztela eta alderdi berrien sorrerari egotzi dizkie

«Emaitza txarrak izan ditugu, argi dago», onartu du Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak, Legebiltzarreko hauteskundeetan zituzten 16 ordezkarietatik zazpi galdu ondoren.

Idoia Mendia eta bere alderdikideak, PSEren emaitzen balorazioa egiten. (@socialistavasco)
Idoia Mendia eta bere alderdikideak, PSEren emaitzen balorazioa egiten. (@socialistavasco)

PSEk ia parlamentarien erdia galdu du 2012ko hauteskudeekin alderatuta, orduan 16 zituen eta gaurko bozetan 9rekin geratu da, EAEn hauteskunde autonomikoak egiten direnetik emaitzarik txarrenak.

Idoia Mendiak aitortu du ez zituztela espero emaitza hauek, onartu du txarrak izan direla eta alderdi berrien sorrerari eta «parte-hartze baxuari» egotzi dizkie, Elkarrekin Podemosi erreferentzia eginez.

«Euskal gizarteak hitz egin du. Eta bere botoekin, Legebiltzar plural bat marraztu du. Euskal gizartearen pluraltasunaren ispilu den Legebiltzar bat», adierazi du.

EAJk hausteskundeak irabazi dituen arren, Mendiaren esanetan orain Legebiltzarreko alderdi desberdinei dagokie «lan egitea, euskal gizarteak dituen erronkei aurre egiteko».

Azaldu duenez, PSEren legebiltzarkideek zerbitzu publikoak defendatuko dituzte, «desberdintasunei aurre egiteko, kalitateko enplegua sortzeko eta ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzeko». «Euskadi justu eta solidarioago bat eraikitzeko buru-belarri» jardungo dute, nabarmendu duenez.