Dimisiorik emango ez duela eta alderdiaren babesa jaso duela esan du Idoia Mendiak

Irailaren 25eko bozetan PSEk lortutako emaitza «txarren» ondotik, dimisiorik emango ez duela eta alderdiaren zuzendaritzaren partetik babesa jaso duela baieztatu du Idoia Mendia idazkari nagusiak. PSEren Batzar Nazionalak bilera egingo du urriaren 5ean.

NAIZ|BILBO|2016/09/27 13:23|2 iruzkin
Mendia-pse
PSEren zuzendaritzaren bileraren ondotik egin du agerraldia Idoia Mendiak. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Hauteskundeetako emaitzen balorazioa egiteko PSEren zuzendaritzak Bilbon egin duen bileraren ondotik, prentsaurrrekoa eskaini du Idoia Mendiak, irakurketa hori publiko egiteko. Iragan igandean, Gasteizko Legebiltzarrerako bozetan inoiz ateratako emaitzarik txarrenak izan zituen PSEk, bederatzi ordezkari lortuta, 2012an baino lau gutxiago.

Estatu mailako egoera politikoarekin lotu du idazkari nagusiak igandeko bozetako emaitza. «Gobernu falta eta gure alderdian dauden eztabaida sakonak, hemen Euskadin gure mezua jendeari helarazteko oztopo izan dira», adierazi du. «Elkarrekin Podemosen agerpenak eta abstentzioaren igoerak, boto jaitsiera nabarmena suposatu du. Eta hau ezin da Espainatik datorren zaratatik bereizi», esan du.

Dimisioa eskatu ote dioten galdetuta, ezetz erantzun du Mendiak. Kanpainan eta hauteskundeen ondoren alderdiaren babesa sentitu duela ere azaldu du.

Zuzendaritza Batzordeak Batzar Nazionalaren bilera urriaren 5erako, EAEko politikan ireki diren aukera desberdinak aztertu, eta «egungo egoera iraultzen lagunduko duten neurriak hartzeko».

Bestalde, hauteskundeak irabazi ondoren Gobernu egonkorra osatzeko EAJk hasi behar zuen kontaktu errondaren baitan, Idoia Mendiak esan du oraindik ez duela deirik jaso. «EAJk irabazi ditu hauteskundeak, eta beraiei dagokie azaltzea zeintzuk diren beren lehentasunak eta zein formula proposatzen duen», esan du Mendiak.

Hala ere, berretsi du egonkortasuna PSEren hautu «estrategikoa» dela.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK