NAIZ
DONOSTIA

Donostiako epaitegi batek bertan behera utzi du zezenketei buruzko herri galdeketa

Donostiako epaitegi batek bertan behera utzi du zezenketei buruzko galdeketa, Carlos Urquijo Gobernu espainolaren ordezkariaren helegitea aintzat hartu eta gero.

Zezenketen aurkako protesta Ilunben, abuztuan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Zezenketen aurkako protesta Ilunben, abuztuan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Donostian 2017ko otsailaren 19an zezenketei buruz egitekoa zen galdeketa bertan behera utzi du Donostiako 2. Auzi epaitegiak, Carlos Urquijo Gobernu espainolaren helegitea onartuta.

Galdeketa egitea Udalak erabaki zuen uztailean baina Urquijok errekurtsoa jarri zuen. Irailaren 15ean, Donostiako 3. Auzi epaitegiak atzera bota zuen eskaria, baina Gobernu espainolaren ordezkariak berriro helegitea jarri eta oraingo honetan arrazoia eman dio auzitegiak. Galdeketei dagokionean Tokiko Administrazioen Erregimena arautzen duen legea ez duela betetzen argudiatu du.

Urquijok bere helegietean zioen Udalak kontsulta deitu zuela EAEko Auzitegi Nagusiak bi hilabete lehenago Herri Galdeketen Araudia baliogabetu egin zuen arren. Erabaki hori errekurrituta dago kasazioan Auzitegi Gorenean, baina honek oraindik ez du epaia kaleratu.

Urquijo pozik agertu da Donostiako epaitegiaren erabakiarekin eta «zentzugabekeria honen arduradun bakarra» Udala dela nabarmendu du, herri galdeketei buruzko araudia baliogabetuta egon arren kontsulta deitu zuelako, «legez kanpo».