NAIZ
BAIONA

Urriaren 6an Paueko auzitegira deitu dute Emilie Martin, euroagindu eskaera bat dela-eta

Presoen eskubideen aldeko Herrira mugimenduko kide izatea leporatuta, Justizia espainolak Emilie Martinen aurkako euroagindu eskaera egin du. Urriaren 6an Paueko epaitegira deituta dago Martin, eskaera ofizialki jakinarazi diezaioten. Hilaren 11n aztertuko dute auzia eta bezperarako elkarretaratze bat deitu dute, Baionako suprefetura aurrean.

Emilie Martinen aurkako euroagindu eskaera bat martxan dela salatzeko agerraldia egin dute Baionan. (Bob EDME)
Emilie Martinen aurkako euroagindu eskaera bat martxan dela salatzeko agerraldia egin dute Baionan. (Bob EDME)

Baionan egindako agerraldian, eragile desberdinetako ordezkariek salatu dute Justizia espainiarrak Emilie Martinen aurkako euroagindu eskaera egin duela. Prentsaurrekoan ere izan den Emilie Martinek Paueko auzitegira joan beharko du urriaren 6an, eskaera ofizialki jakinarazi diezaioten.

Hilaren 11n aztertuko du auzia Paueko auzitegiak eta, bezperan, Martini babesa adierazteko elkarretaratzea egingo dute, arratsaldeko 18.30ean, Baionako suprefetura aurrean. Hogeitabost bat eragilek bat egin dute deialdiarekin, tartean, Giza Eskubideen Liga, Bizi, Etxerat, Bake Bidea, Aitzina, Sortu, Abertzaleen Batasuna, Autonomia Eraiki, LAB, ELB, EHZ edota NPA Pays Basque.

Emilie Martin beste 46 pertsonarekin batera dago auzipetua, presoen eta haien eskubideen alde eginiko lanarengatik. Bereziki aipatu dute Arantxa Zuluetaren kasua, hiru urte baitaramatza espetxean, isolamendu egoeran.

Herrirako kide izatea leporatuta, Martin ere espetxeratua izateko arriskuan dagoela ohartarazi dute.

Gainera, gogoratu dute Herrira legezkoa dela Estatu frantsesean eta mugimenduaren estatutuak Baionako suprefeturan aurkeztuak izan zirela.

Euroaginduak Aieteko Adierazpenaren 5. urtemugarekin bat egiten duela aipatuta, nabarmendu dute gaur egun oraindik euskal presoen «gutxieneko eskubideak» ere ez direla errespetatzen.

Dispertsioaren amaiera eta larriki eri dauden zein baldintzapeko askatasuna eskura dezaketen presoen askatasuna aldarrikatzeaz gain, presoak defendatzeagatik auziperatuta dauden pertsonen auziak bertan behera uzteko eskatu dute.