NAIZ
BILBO

Jaime Chavarrik jasoko du Zinebi 58ko Ohorezko Mikeldia

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Jaime Chavarri zuzendari, gidoilari, antzezle eta zine kritikariari emango dio 58. edizioko Ohorezko Mikeldia.

Jaime Chavarriren «erabat pertsonala» den obra osoa aintzat hartuta, Zinebi jaialdiaren Ohorezko Mikeldia eman diote zinegile, antzezle eta kritikalari madrildarrari. «Bera barik, gaur egungo ikus-entzuleek ez lituzkete ulertuko Espainiako zinema garaikidearen bilakaeraren funtsezko zenbait alderdi», argudiatu dute.

Saria emateko ekitaldia jaialdiaren inaugurazio galan izango da, azaroaren 18an, Arriaga antzokian, Zinebiren antolatzailea den Bilboko Udalak jakinarazi duenez. Horrela, 58. edizioan, Zinebik Jaime Chavarrirekin ospatu nahi du «bere zineman funtsezkoa den eta Espainiako dokumentalari ordura arte ikusi gabeko ikuspegiak zabaldu eta ibili gabeko bideak eman zizkion 'El desencanto' lanaren estreinaldiaren 40. urteurrena».

Halaber, Zinebik zinemagilearen lan zabala omendu nahi du Ohorezko Mikeldiarekin, «horren bitartez, sorkuntzarako askatasun paregabearekin, ondo eta txarto egindako gauzen aurrean erakutsi duen argitasunarekin eta begirada irribarretsu eta eszeptikoarekin, giza izaeraren eta haren pultsio intimoenen txoko emozional ezkutuenak aztertzen jakin izan duelako».