NAIZ
BILBO

Aletxu Zobaran presoaren ziegari su eman diote, Valencen izandako matxinada batean

Irailaren 25ean Valenceko espetxean izan zen matxinada batean, presoek bi solairu hartu zituzten kontrolpean ordu batzuetan eta hainbat ziegari su eman zieten, tartean Aletxu Zobaran presoarena zegoela. Zobaran, Ibon Goieaskoetxea bezala, isolamendu egoeran dagoenez, ez zegoen ziegan, baina bere ondasun guztiak kiskali egin ziren.

Estatu frantseseko Valence espetxean joan den igandean izandako matxinada batean Aletxu Zobaranen ziega erre dutela berri eman du, ohar baten bidez, Etxerat elkarteak.

Azaldu dutenez, zenbait presok bi solairuren kontrola hartu zutela eta, kartzelariei giltzak kenduta, hainbat ziegari su eman zieten. Egoera honek ez zien fisikoki eragin bertan dauden Zobaran eta Goieaskoetxeari, zigor ziegan daudelako, baina Zobaranen ondasun guztiak kiskali egin ziren. ‘Mitard’ edo zigor ziegara eramaten dituztenean, objektu pertsonalak ohiko ziegetan utzi behar izaten dituzte presoek.

Horrez gain, Etxeratek gogoratu du Zobaran eta Goieaskoetxea abuztu hasieratik daudela zigor ziegan, Euskal Herritik gertu den beste espetxe baterako trasladoa eskatzeko.

Bi presoek, senideekin adostuta, abuztuaren 6tik bertan behera utzi dituzte bisitak, nahiz eta eskutitz eta telefono bidez komunikazioak mantentzen dituzten. Bisitei uko eginda salatu nahi dute senideei dispertsioak ezartzen dien «arriskua eta higadura ekonomiko eta fisikoa».