NAIZ
Azpeitia

Urola Kostako herriek 2017ko udaberrian gauzatuko dute erabakitzeko eskubidea

Azkoitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiak 2017ko udaberrian egingo dituzte herri-galdeketak. Gaur, Azpeitian egin den ekitaldian, lekukoa pasa diete herri hauei «beraien herritarrei hitza emateko».

2017ko udaberrian gauzatuko dute erabakitzeko eskubidea Urola Kostan. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
2017ko udaberrian gauzatuko dute erabakitzeko eskubidea Urola Kostan. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Erabakitzeko eskubidea indartu nahi duten herri galdeketek badituzte data berriak. 2017ko udaberrian Urola kostako hainbat herrik gauzatuko dituzte galdeketak. Gaur Azpeitian egin duten ekitaldian, Azkoitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiak herritarrei hitza emango dietela berretsi dute. Aurtengo ekainaren 5ean gauzatu zuten eskubide hau azpeitiarrek, eta lekukoa pasa die Urola Kosta beste herri hauei.

«Erabakitzeko eskubidea guztion topalekua da. Subiranotasuna edo herri-antolaketa bezalako kontuak modu baketsuan, demokraziaren arauak jarraituz eta herritarron aprte hartzean sakonduz bideratu behar dira», adierazi du Laxaro Azkunek, Hitzartu dinamikako kideak. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute erabakiak «herritarron borondatean eta nahieran» oinarritzea.

Herri hauetan galdeketak egiteko bidea «zabalik» dagoela azpimarratu dute eta «gogoz eta ilusioz» lan egitera animatu dute jendartea, «herrien ordua iritsi delako».