NAIZ

Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran espetxez aldatu dituzte

Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran euskal preso polítikoak Valenceko kartzelatik mugitu dituzte, Arles eta Saint-Martin de Re-ko espetxeetara, hurrenez hurren.

Zobaran eta Goieaskoetxearen egoera salatzeko elkarretaratzea frantziar Kontsulatuaren aurrean. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Zobaran eta Goieaskoetxearen egoera salatzeko elkarretaratzea frantziar Kontsulatuaren aurrean. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran espetxez aldatu dituzte, Bagoaz kolektiboak jakinarazi duenez. Lehena Arleseko kartzelara eraman dute, Euskal Herritik 655 kilometrora, eta bigarrena Saint-Martin de Re-ra, Euskal Herritik 445 kilometrora (Donostia erreferentzia gisa hartuta).

Goieaskoetxea eta Zobaran Valenceko kartzela esperimentalean zeuden ekainetik, Euskal Herritik 777 kilometrora. Haien egoera okertu egin zen eta hori salatzeko hainbat protesta burutu zituzten, gose greba barne. Abuztuaren 8tik zigor ziegetan zeuden. Senide eta lagunek ere mobilizazio eta ekimen ugari antolatu dituzte, Euskal Herritik gertu ekar ditzaten aldarrikatzeko.

Goieaskoetxearen senideek balorazio gazi-gozoa egin dute espetxe aldaketaz, GARAri eginiko adierazpenetan eta Euskal Herritik gertuago dagoen espetxe batera ekar dezaten borrokan jarraituko dutela adierazi dute.