NAIZ
DONOSTIA

Japoniara begira, 53 lan aurkeztu ditu Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinema asteak

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinema astearen 27. edizioa urriaren 29 eta azaroaren 4 bitartean ospatuko da, eta gaur aurkeztu dute programazio osoa. Sail ofizialetan egongo diren 53 lanez gain,‘Fantasiazko Japonia, XXI. mendea’ ziklo berezian beste bederatzi film ikusi ahal izango dira.

Japoniako fantasia filmek toki berezia izanen dute jaialdian. (ARGAZKI PRESS)
Japoniako fantasia filmek toki berezia izanen dute jaialdian. (ARGAZKI PRESS)

Uurriaren 29tik azaroaren 4ra ospatuko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinema astearen 27. edizioa. Film luzeen sailean 22 lan izango dira aurten. Inaugurazioa Hideaki Anno eta Shinji Higuchi japoniarren ‘Shin Godzilla’ lanaren kontu izango da. Sail honetan, besteak-beste, Haritz Zubillagaren ‘El ataúd de cristal’ gozatu ahal izango da. Era berean, omenaldi berezia egingo zaio 1970ean Hershel Gordon Lewisek egindako ‘The Wizard of Gore’ lanari.

Fil laburren nazioarteko sailean, 14 lanek hartuko dute parte eta ohiko hiru sari izanen dira: publikoaren saria, nazioarteko epaimahaiaren saria eta gazte epaimahaiaren saria. Lehen biek 1.000 euroko saria ere badute.

Animazio film laburren atalean, bederatzi lan izanen dira, eta asteko ikusleek 1.000 euroko saria eman ahal izango diete. Espainiar Estatuko film laburren sailean zortzik hartuko dute parte, beste 1.000 euroko sariaren bila.

‘Fantasiazko Japonia, XXI. mendea’ zikloa

Urtero bezala, ziklo berezi bat ospatuko du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinema asteak, eta aurten Japonaira begira jarriko dira. Hiru ekitaldi nagusi izanen ditu: bederatzi lanek osatutako zikloa, gonbidatu berezien presentzia eta argitalpen berezi bat.

Bestetik, hainbat erakusketa eta ekitaldi berezi izango dira gipuzkoar hiriburuan. Hala, urriaren 30ean, San Telmo museoan, zikloaren izen bera duen mahai-inguru bat ere antolatu dute, non Tomoo Haraguchi, Shinji Higuchi, Noburu Iguchi, Yoshikazu Ishii eta Minoru Kawasaki egile japonairrak bilduko diren.