NAIZ
BILBO

Jon Sistiagak jasoko du ‘Euskal Kazetariak’ saria

Euskal Kazetarien Elkarteko eta Kazetarien Euskal Elkargoak jakitera eman du nortzuk jasoko dituzten ‘Euskal Kazetaritza Sariak’: Jon Sistiaga, Maria Josefa Marzo eta Iker Merodio kazetariez gain, Hodei Bila plataforma eta kazetari turkiarren kolektiboa ere izan dira sarituak.

EAEko hainbat komunikabidetako ordezkariek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu Euskal Kazetarien Elkarteak (EKE) eta Kazetarien Euskal Elkargoko (KEE) sarituak.

Jon Sistiaga izango da ‘Euskal Kazetaria’ sariaren bosgarren edizioa jasoko duena, «guda eta gatazka zonaldeetan egindako sekulako lanagatik».

‘Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell’ sariak laugarren edizioa du aurten eta epaimahaiak kazetari turkiarren kolektiboa saritu nahi izan du, «uztailaren 15ean arrakastarik izan ez zuen kolpe militarraren ondoren jasandako jazarpen, eraso eta errepresioagatik».

‘Hierro’ egunkariko azken garaiko zuzendaria izan zen eta europar gaietan aditua den Maria Josefa  Marzok ‘Ibilbide Profesionalari’ aitortza jasoko du.

‘Pertsonaia/Giza instituzioari’ atalean, Hodei Bila plataforma izan da saritua, «bere borroka indarra eta familiari laguntzeagatik baina, batez ere, Hodei Egiluzen desagerpena komunikabideetara hedatzeagatik».

Azkenik, Iker Merodio kazetariak ‘Kazetaritza Digitala’ saria jasoko du.

Sariak emateko ekitaldia azaroaren 7an egingo da, arratsaldeko 19.30ean, Bilboko BBK Aretoan.

Epaimahaiko kide izan dira, besteak beste, Jesus Coteron, EKEko presidente eta KEEko dekanoa; Carmen Torres Ripa kazetaria; Arturo Trueba, EKEko presidenteordea eta KEEko idazkari orokorra; Amaia Goikoetxea, KEEko dekanordea; Nekane Vado, EKEko idazkari orokorra eta KEEko diruzaina; Iñaki Soto, GARAko zuzendaria; Bingen Zupiria, ‘Deia’ko zuzendaria edota Andoni Aranburu, EiTBko estrategia eta komunikazio zuzendaria.