NAIZ
DONOSTIA

Bakea eraikitzeko aldebakartasuna dela «berme bakarra» iritzi du Aralarrek

Aralarrek espainiar Estatuak Aieteko deklarazioaren 5. urteurrenean mantentzen duen jarrera arbuiatu du eta bakearen eraikuntzan murgildutako eragileei «aldebakartasuna dela berme bakarra» esan die. «ETAk bakearen apustua irabazi zuen, Estatua oraindik gerra irabazten saiatzen den bitartean».

Rebeka Uberak eta Patxi Zabaletak egin dute Aieteko 5. urteurrenaren balorazioa. (ARALAR)
Rebeka Uberak eta Patxi Zabaletak egin dute Aieteko 5. urteurrenaren balorazioa. (ARALAR)

Rebeka Uberak eta Patxi Zabaletak Donostian emandako prentsaurrekoan, Aieteko deklarazioaren 5. urteurrenean, oraindik ere, gizarte demokratikoa eraikitzeko «bide luzea» geratzen dela  adierazi dute. Zentzu honetan, espainiar Estatuak izan duen jarrera salatu dute.

«Estatuak inolako ekarpenik ez duela egingo ikusita, aldebakartasuna da berme bakarra», adierazi du Uberak. Aralarreko kideak adierazi duenez, «bakeak ezin du kontraprestaziorik izan», eta horregatik bakearen eraikuntzan murgildutako eragileei aldebakartasunaren bidetik euren ekarpenak egiteko eskatu die.

Hala ere, «oztopo eta miseria guztien gainetik» aurrera pausuak eman direla argi ikusten dute. Dena den, pertsona ororen giza eskubideak errespetatzeko beharra defendatu du. «Preso gaixoak etxeratuz, urruntze politika bidegabea amaituz eta salbuespeneko legedi eta epaitegiak iragana bilakatzeko», gehitu du Uberak «guztien memoria» aldarrikatuz. Bide horretatik, Aieteko 10. urteurreuna «ospakizun borobila» izan dadila desio du Aralarrek.

Zabaletak, aldiz, «urte guztia hauetan Euskal Herrian bakea erdiesteko lanean» aritu diren eragile guztiak zoriondu nahi izan ditu eta Gernikako Akordioaren balioa nabarmendu du. «Orain dela bost urte ETAk bakearen apustua irabazi zuen, gerra ez bazuen irabazi ere. Frankisten oinordekoa den espainiar Estatua oraindik gerra irabazten saiatzen den bitartean».