NAIZ
BILBO

Banco Popularrek 173 langile kaleratu eta 18 sukurtsal itxi nahi dituela salatu du LABek

LABek salatu duenez, Banco Popularreko zuzendaritzak Enplegu-Erregulazio Espedientea aurkeztu du eta, ondorioz, entitateak Euskal Herrian 173 langile kalean uzteko helburua duela. Horrez gain, 18 sukurtsal ere itxi nahi dituela gaineratu du sindikatu abertzaleak.

Ohar baten bidez, Banco Popularreko zuzendaritzak enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu duela jakinarazi du LABek. Estatu espainolean, egun dauden 12.910 langileetatik 2.894 kaleratu nahi dituztela (plantilaren %22,42) zehaztu du, horietatik 173 Euskal Herrian.

18 egoitza ere ixteko asmoa du entitateak, «Bilbo eta Iruñerrian oso eragin bortitza» izango duena eta «Banco Popular desabantaila komertzialeko egoeran» utziko duena.

Entitatean ordezkaritza duten sindikatu guztiek enplegu eta sukurtsalen murrizketa horren aurka agertu direla azpimarratu du LABek, baina eskari horiei Banco Poupularrak «entzungor» egiten diela gaineratu du.

Enplegua erregulatzeko espedienteari alternatibak planteatu dizkiola adierazi du LABek, «ez traumatikoak eta eragin sozial txikiagoa dutenak». «Borondatezko Aurrejubilazien Plana egitea eskatu dugu 59 urtetik gorako langileentzat, balizko Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea aztertzea Kontratu Etete eta Lanaldi Murrizketen bidez, kaleratzerik egotea ekidingo dutenak, eta Baja Intzentibatuen aukera, borondatezkoak ere, beharrezko izango balitz», planteatu du sindikatu abertzaleak. «Guztia modu gradualean eta eragiten dien pertsona kopuruaren murrizketa nabarmenarekin», argitu dute.

Banco Popularraren asmo hauen aurka mobilizazioak egiten ari dira langileak. LABek elkarretaratzea egingo du bihar, arratsaldeko 17.00etan, entitateak Bilbon duen egoitza aurrean.