Amalur ARTOLA
DURANGO

‘Bizitzekoa DA’ lelopean abiatuko da Durangoko Azoka

Durangoko Azoka bizitzearen esperientziari erreferentzia egiten dion leloa izango du 51. edizioak: ‘Bizitzekoa DA’. Gaur goizean Durangon egindako agerraldian abenduaren 2tik 6ra egingo den azokaren irudia eta ildo nagusiak aurkeztu dituzte.

Nerea Mujika eta Christine Etchevers, aurtengo kartelarekin. (DURANGOKO AZOKA)
Nerea Mujika eta Christine Etchevers, aurtengo kartelarekin. (DURANGOKO AZOKA)

Adin eta mota guztietako bisitariak erakartzea eta Ipar Euskal Herriak Azokan duen presentzia indartzea dira aurten Durangoko Azokaren helburu nagusiak. Hala, aurten ‘Bizitzekoa DA’ lelopean ohiko bisitariak eta orain artean joatera animatu ez direnak erakartzeko erronka hartu du bere gain antolakuntzak. Nerea Mujika Gerediagako presidenteak azaldu bezala, «belaunaldi berrietako euskaldunak kulturgintzaren ardatzean ipintzea da gure lan lerroetako bat, zaletasunean, sorkuntzan eta eragiletzan parte izan daitezen». Hala ere, Azokan sekula izan ez direnak eta euskal hiztun ez direnak ere gonbidatu nahi dituzte, «hemen denentzat baitago lekua».

Gazteria erakartzeko erronka horren zati da, azaldu duenez, Azoka abenduaren 2an, lanegunez, abiatzea. «Ikasle Eguna lehen egunean ospatuko dugu, ikastetxeetatik Azokara etortzeko aukera izan dezaten». Bertan parte hartzeko inoiz baino izen-emate gehiago izan dituztela nabarmendu du, 6.000tik gora, eta Ikasle Eguneko nobedade gisa arratsaldez helduentzat ekintzak egongo direla iragarri du.

Bestalde, aurten hamar urte betetzen dira Gerediaga elkarteak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlan hitzarmena sinatu zutenetik eta, hala, Azokak Ipar Euskal Herriaren presentzia indartu nahi izan du. Hartara, aurten, Azokaren historian lehen aldiz, eskualde horretakoa da kartela diseinatu duena. Zehazki, Baionan sortu eta egun Kanbon bizi den Christine Etchevers-ek egin du 51. edizioko kartel koloretsua. «Niretzat ohore bat da gaur hemen egotea. Durangoko Azokaren berotasuna eta pasioa bistaratzen saiatu naiz, hori baita niretzat azoka: dinamismoa, beroa, bizitasuna», azaldu du. Kartel koloretsuan, liburuak, alfabetoko letrak, diskoak eta giza elementuak tartekatu ditu.