NAIZ
BILBO

Gizarte politiken arloan ezberdintasun handiak dituztela egiaztatu dute EAJk eta EH Bilduk

Legealdiari begira egon daitezkeen akordiorako aukerak aztertzeko, EAJren eta EH Bilduren ordezkariek bilera egin dute, «asmo eraikitzailearekin eta normaltasun demokratiko osoz». Gizarte politikoen esparruan «ezberdintasun handiak» dituztela egiaztatu duten arren, bi alderdiek egoki go dute «elkarrizketarako eta irizpideak partekatzeko ateak irekita mantentzea» eta bake eta bizikidetzan zein autogobernuan akordioak bilatzen segitzeko konpromisoa adierazi dute. .

EH Bilduko Iriarte, Otegi eta Urruzuno, bilera hasi aurretik. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
EH Bilduko Iriarte, Otegi eta Urruzuno, bilera hasi aurretik. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Bilbon eginiko bileran, EH Bilduko eledunek agiri bat helarazi diote ordezkaritza jeltzaleari, zeinetan koalizioak erantzuna eman dion irailaren 25eko hauteskundeak egin eta astebete geroago egin zuten aurreneko bileran EAJren hamar ardatzak aurkezteko eman zitzaien proposamenari. 

Ekarpen horri «albait arinen» erantzungo diola hitzeman du EAJk.

Etorkizun berria eraikiko bada, bake eta bizikidetzan zein autogobernuan aurrera egitea «funtsezkoa» dela ulertu dute bi taldeek. Ildo horretan, bi aldeek esparru horietan adostasunak bilatzen jarraitzeko borondatea agertu dute eta irekitako elkarrizketa bideari eutsiko diote.

Beste alde batetik, gizarte politiken arloan «ezberdintasun handiak» dituztela nabarmendu dute.

Dena dela, «egoki dute elkarrizketarako eta irizpideak partekatzeko ateak irekita mantentzea».

Alderdi jeltzalearen izenean, Joseba Egibar, Koldo Mediavilla, Josu Erkoreka eta Txus Peña izan dira bileran eta, EH Bilduren ordezkaritza, aldiz, Arnaldo Otegik, Maddalen Iriartek, Unai Urruzunok eta Garikoitz Mujikak osatu dute.