NAIZ
DONOSTIA

Kortxoenearen hustea dela-eta izango diren epaiketei aurre egiteko jaialdia, bihar

Azaroaren 3an urte bat beteko da Kortxoenea hustu eta eraitsi zutenetik. Mozal Legea baliatuta sei lagunei isunak iritsi zaizkie eta beste bi epaituak izango dira eserialdi batengati, urtebeteko espetxe zigor eskariarekin. Gastu ekonomikoei aurre egiteko, bihar jaialdi bat ospatuko dute Donostiako Doka kafe antzokian. Asteartetik aurrera NAIZen ‘Kortxoenea, irautea sortzea delako’ dokumentala ikusgai izango da.

2015eko azaroaren 3an, Kortxoenea hustu eta eraitsi zuten. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
2015eko azaroaren 3an, Kortxoenea hustu eta eraitsi zuten. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Datorren asteko ostegunean, azaroak 3, urtebete egingo du Kortxoenea hustu eta eraitsi zutenetik. Kortxoenea Bizirik kolektiboak urte honetan Donostiako Udal Gobernuak izan duen jarrera gaitzetsi du. «Behin eta berriro pribatuen arteko gatazka gisa kokatu zuen arazoa», adierazi dute ohar baten bidez.

Mozal Legea baliatuta, sei lagun isundu egin dituztela jakinarazi dute, eta beste bik epaiketa bati egin beharko diotela aurre, urtebeteko espetxe zigor eskariarekin Ategorrietako eseraldiagatik. Honen aurrean, jaialdi bat prestatu dute biharko Donostiako Doka kafe antzokian. Bertan izanen dira Sonido Vegetal, Txemak eta Physis Versus Nomos taldeaak. «Agintari ustelen aurrean bizirik jarraitzen dugula aldarrikatuko dugu».

Era berean, epaiketako paperei so eginez, hustean Ertzaintzak identifikatu zituen artean udaletxeko teknikari bat azaltzen dela azpimarratu dute. «Udal Gobernuarekin Zemoria eraikinaren inguruko proposamena lantzen aritu ginen, hitzez alternatibak bilatzeko borondatea adierazi zuten, baina hitzak haizeak eraman zituen».

Gogora ekarri dute bai Kortxoenearen kasuan, baita 2014ko maiatzean Alde Zaharreko Auzoetxe proiektua bertan behera geratu zela orduko Udal Gobernuarekin lantzen ari zenean, oposizioan zeuden EAJ eta PSEren bozkekin. Bai kasu batean zein bestean Lanbide Heziketa eskolaren beharra argudiatu zuten.

Asteartean (21.00) NAIZen ‘Kortxoenea, irautea sortzea delako’ dokumentala

Eraistearen urteurrena betetzearekin batera gaztetxearen historia, garapena eta balioak jasotzen dituen ‘Kortxoenea, irautea sortzea delako’ dokumentala ikusteko aukera izango da NAIZen asteartean 21.00etan. Ordubete pasatxoko lana da Markel O. Gaztañagak, Beñat A. Morak eta Joseba P. San Sebastianek koordinatutako lana. Gerora gaztetxe bilakatu zen eraikinaren bilakaera, bertan izan diren gazteen testigantza eta proiektuak gidari izan dituen balioak ditu ardatz dokumentalak.