NAIZ
DONOSTIA

FCC, Balzola, Altuna y Uria eta Moyua enpresak, erraustegiaren lizitaziora aurkeztu direnen artean

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak azaldu duenez, hiru dira Zubietako erraustegiaren lehen fasearen eraikuntza eta kudeaketarako lizitazioaren lehiaketara aurkeztu diren aldi baterako enpresen elkarteak (UTE). Eraikuntza enpresa ezagunak daude bertan, tartean FCC, Moyua, Altuna y Uria edo Balzola.

Zubietako erraustegiaren lehen fasearen lizitaziora aurkeztutako hiru eskaintzak aurkezteko agerraldia. (GIPUZKOABERRI)
Zubietako erraustegiaren lehen fasearen lizitaziora aurkeztutako hiru eskaintzak aurkezteko agerraldia. (GIPUZKOABERRI)

Aldi baterako enpresen hiru elkarte aurkeztu dira Zubietako erraustegiaren lehen fasea eraiki eta kudeatzeko lehiaketara, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu gipuzkoarrak azaldu duenez.

Alde batetik dago Construcciones y Promociones Balzola, Valoriza Servicios Medioambientales eta Valoriza Gestión enpresek osatutako aldi baterako elkartea.

Bestetik, Meridiam Investments, Urbaser, Altuna y Uria, Construcciones Moyua, Construcciones Murias eta LKS Ingeneria enpresek osatutakoa dago.

Azkenik, hirugarren elkartea honakoek osatzen dute: Fomento Construcciones y Contratas (FCC) eta Startech Engineering.

Aurkeztutako eskaintzek, Asensioren esanetan, «hondakinen kudeaketaren alorrean enpresa garatuenen interesa» baieztatzen dute.

«Eskaintzak aurkeztu dituzten enpresen garrantzia eta esperientziari esker teknologia hoberenak erabili ahal izango dira», esan du Asensiok, eta gaineratu du proiektuak «ingurumen bermerik handienak» izango dituela, aditu eta medikuek bestelakorik adierazi duten arren.