NAIZ
BILBO

Zuzendaritza taldea berretsita, Andres Urrutiak euskaltzainburu jarraituko du

Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak beste lau urtez jarraitzeko Hizkuntza Akademiaren osoko bilkuraren konfiantza jaso du Bilbon eginiko batzarrean. Hala, 2020ra arte euskaltzainburu jarraituko du Andres Urrutiak.

Andres Urrutia euskaltzainburua, artxiboko irudi batean. (Sylvain SENCRISTO)
Andres Urrutia euskaltzainburua, artxiboko irudi batean. (Sylvain SENCRISTO)

Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egindako osoko bilkuran, datozen lau urteotan akademiaren jarduna gidatuko duen lantaldea aukeratu dute, eta euskaltzainek Andres Urrutia berretsi dute euskaltzainburu arduran. Haren ondoan izango dira ere orain arte Akademiako Zuzendaritzako kideak izan direnak: Xarles Videgain (buruordea), Xabier Kintana (idazkaria), Sagrario Aleman (diruzaina), Adolfo Arejita (Iker sailburua) eta Jean-Baptiste Coyos (Jagon sailburua).

Erabakiaren berri jaso ondoren, Zuzendaritzak azpimarratu du orain arte indarrean egon den Plan Estrategikoa ebaluatzea eta Plan Estrategiko berria diseinatzea izango dela lehen egitekoa.

Horrez gain, azken urteotako ildoari jarraituz, akademiak egiten dituen lan eta ikerkuntza-proiektuak gizarteratzea, elkarte-erakundeen arteko harremanak indartzea (bereziki euskararen eremuan lanean ari direnekin) eta erabiltzaileen beharrei eraginkortasunez erantzutea izango dira 2017-2020 aldirako lehentasunak.

2019an mendeurrena ospatuko du Euskaltzaindiak eta, urtemuga horren harira, euskararen batasuna indartzeko, hiztun-elkartea berrosatzeko eta euskara indarberritzeko erronkak aztertuko ditu akademiak.

«Akademia modernoa eta hurbila behar du euskarak, eta horiek dira gure etorkizuneko asmoak: erabiltzailearengandik gertu egon, Akademiaren etxeko ateak gizarte guztiari zabaldu eta gure zerbitzu bokazioa areagotu, zorrotz jokatuz», esan du Andres Urrutiak.