Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Kontzeptuen gaineko begirada zabaltzea proposatzen du Irati Jimenezek

‘Odola’, ‘Musua’ eta ‘Gatza’ argitalpenen bidez, kontzeptu horien gaineko begirada zabaltzea proposatzen du Irati Jimenezek. Ale bakoitza «kaleidoskopio bat da» idazle bizkaitarraren hitzetan, kontzeptuaren gaineko ikuspegi berriak dakartzalako.

Irati Jimenez, ‘Odola’, ‘Musua’ eta ‘Gatza’ liburuxkekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Irati Jimenez, ‘Odola’, ‘Musua’ eta ‘Gatza’ liburuxkekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratu ditu Irati Jimenezek ‘Odola’, ‘Musua’ eta ‘Gatza’. Liburuxka bakoitzean, gaitzat duten hitzaren gaineko denetariko informazioa bildu eta kontzeptu horren gainean dugun ikuspegia zabaltzea proposatzen du idazle bizkaitarrak. «Txikia nintzenean kaleidoskopio bat oparitu zidan aitak. Orain efektu berdina sorrarazten ez badit ere, orduan begirada zabaltzeko zuen ahalmenak liluratu egiten ninduen eta uste dut liburuxka hauekin berdin gertatzen dela: hitzen gaineko begirada zabaltzeko modua dira», azaldu du gaur goizean egindako aurkezpenean.

Liburuxken ideia orain urte batzuk ‘Nabarra’ aldizkarian egindako esperimentu batetik otu zaiola ere gaineratu du. Zehazki, 2010 eta 2011 urteetan kultur eta gizarte gaiak jorratzen zituen aldizkari hartako zuzendari lanetan aritu zen Jimenez: «Erreportaje asko idatzi nituen, eta hilean behin hitz batean harilkatutako erreportajea egiten nuen: izan zitekeen kolore bat, emozio bat, jaki bat... Ilea, orgasmoa, giltzak…», azaldu du, eta hiru liburuki berriak orduko materialari berria erantsi eta edizioa landuta osatu dituztela zehaztu du.