Gotzon ARANBURU
ZERAIN

Herri txikien erronka

Euskal Herriko herri txikiak, hauen egoera eta etorkizuna. Gai mardula, zalantzarik gabe, alderdi askotatik heldu beharrekoa; ekonomiatik, kulturatik, izaeratik… Horietaz guztietaz hausnarketa sakona eta diziplina anitzekoa egin nahi izan du Eusko Ikaskuntzak joan den ostegun-larunbat honetan Zerainen, kongresu baten bidez, eta ateratako ondorioak Zeraingo Adierazpenean eman ditu jakitera. Laburtuz, helburu bat aldarrikatu dute: bizirik segi, nortasunari uko egin gabe.

Zeraingo elizan egin dute herri txikien inguruko kongresua. (Gotzon ARANBURU)
Zeraingo elizan egin dute herri txikien inguruko kongresua. (Gotzon ARANBURU)

Ohiz kanpokoa izan da joan den astea Zerainen. Herriko eliza kongresu jauregi bihurtu dute Eusko Ikaskuntzak eta ZerainLab elkarteak, eta ehunka lagunek hartu dute parte goiz eta arratsalde burutu diren hitzaldi, mahai inguru eta eztabaida-mahaietan, baita elizaren atarian eskainitako hamarretakoetan izandako iritzi trukaketetan ere. Unibertsitateko irakaslek, sindikalistek, Administrazioak, zinegotziek eta gizarteko beste hainbat eragilek egin dituzte ekarpenak, eta azken fruitua ‘Zeraingo Adierazpena’ izeneko dokumentua izan da.

Kongresu honen sorrera Eusko Ikaskuntzak azken urteotan egindako hausnarketa prozesuan kokatu behar da. Joan den ekainean, datozen lau urteetarako lan ildoak zehazteko inkesta zabala egin zuen Eusko Ikaskuntzak (EI) bere kideen artean, eta Iñaki Dorronsoro berraukeratu zuten –2012tik dauka ardura hori– erakundea 2020ra arte gidatzeko. Tarte honetan, hain zuzen ere 2018an, beteko ditu ehun urte Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herria osoa, ipar eta hego, hartzen duen kultur eta zientzia erakundeak. Ondo ikusi da aniztasun hori Zeraingo jardunaldietan, joan den ostegun goizean hasi eta larunbata eguerdira arte.

Aipatu lan ildoak, betiere Euskal Herria ardatz eta helburu hartuta, lau dira: eredu sozioekonomikoak, egituraketa juridiko-politikoa, errealitate sozio kulturala eta euskararen etorkizuna. Nolabait ere, arlo hauek guztiak izan dira kontuan Zeraingo kongresuan. Zehatzago esanda, landa eremuko herri txikien garapenaz, ezaugarri bereziez eta etorkizunaz hausnartu da. Herri txikien komunitate harremanak, ingurunearekiko harreman jasangarriak eta ekonomia garapenerako eredu berritzaileak aztertu dira. Horretarako, Europako eredu erreferenteak nahiz Euskal Herri mailako esperientzia anitzak jaso dira.

Nekazal eta baserri munduaren garapenaz literatura, herri politika eta esperientzia asko badago ere, herri txikiek berezko izan duten komunitate bizitzaren gaineko hausnarketa ez da hain ugaria. Eta azken urteotan, landa garapena bultzatzeko lan eskerga egin eta energia handia jarri bada ere, ez da hainbeste erreparatu komunitate bizitzak berezko dituen balio eta kulturetan. Batez ere, teknologiaren iraultzei lotuta azken hamarkada gutxitan transformatu du mendeetan zehar lantzen joandako kultura komunitarioa. Horretarako, alderdi teorikoak nahiz praxiak jorratu dira. Alderdi teorikoan, komunitate bizitzaren sustrai bereziak eta etorkizuneko erronkak izan dira eztabaidagai, baita landa-garapenerako eredu berriak ere. Alderdi praktikoan, berriz, herrigintzan lanean ari diren hainbat ekimenen berri izan dute Zerainen bildutakoek, elkarren berri izateko eta etorkizunean balizko aliantzak sortzeko baliagarriak izango direnak.



Aniztasuna aipatu dugu gorago, eta nahikoa da Zeraingo kongresuan parte hartu dutenen zerrenda gainbegiratzea alderdi hori zenbat zaindu den egiaztatzeko. Unibertsitatearen mundutik, Jon Sarasua Miren Urkixo edo Joseba Azkarraga aipatu behar, enpresa mundutik Iñaki Gorostidi (Logikaline) edo Gaizka Aranguren (Labrit Ondarea), gizarte-erakundeetatik Loli Gonzalez (ZerainLab) edo Enrique Aierbe (Elkarbizi), Administrazioaren alorretik Ainhoa Aizpuru (Gipuzkoako Aldundia), Bittor Oroz (Lakuako Gobernua), Isabel Elizalde (Nafarroako Gobernua) edo Mixel Etxebest (Xiberoa Herri Alkargoa). Herri txikietako ahotsa zenbait alkateren bidez iritsi da kongresura, adibidez Atxondoko David Cobos edo Bankako Michel Ozafrain. Eta nazioartetik ere iritsi dira ekarpenak,  hain zuzen ere Deirdre O’Connor (UCD School of Agriculture and Food Science) eta Tobias Schulz (Swiss Federal Institute for Forest, Snow and Landscape Research) adituen bidez.

‘Zeraingo Adierazpena’

‘Zeraingo Adierazpena’ izeneko dokumentua izan da kongresuak emandako lehenengo fruitua. Antolatzaileek eta sustatzaileek adostutako agiriak dioenez, «herri txikietako jendeak etorkizuna gure esku dugu eta gure esku hartu nahi dugu. Gure geroaren protagonista izan nahi dugu eta izan behar dugu, gure etorkizunean sinesten dugulako. Tokian-tokian, leku bakoitzean, guk erantzun nahi diegu gure esku dauden beharrizanei. Ez dugu lo-leku idilikorik nahi. Ez dugu postaletako argazki hutsik nahi. Ez dugu arimarik eta bihotzik gabeko herririk nahi. Pertsonen bizi-leku biziak nahi ditugu».

Lehenengo sektorearen aldeko apustu garbia egin du kongresuak. «Landa-inguruneko herriak gara. Landa ingurunean mendeetan zehar sortu eta garatutako jakintza, kultura, balio eta tradizioak etorkizunerako oinarri ditugu. Ezin dugu herri txikien etorkizunik eduki lehen sektorerik gabe, gure baserri, abeltzain, artzain, nekazari eta laboraririk gabe. Herri txikien etorkizuna nahitaez laborarien etorkizunari lotuta dago, eta beraz, lehen sektorea sustatu behar dugu» dio Adierazpenak.

Egunotan asko entzun da Zerainen kexa jakin bat, hau da, herri txikien inguruko topikoekin asperdura. Eta azken adierazpenak hala jaso du: «Herri txikiei buruzko topikoak eta iruditegi faltsuak hautsi nahi ditugu. Hiriarekin dugun harremana birpentsatu beharra daukagu. Elkar gehiago ezagutu beharra dugu, elkarri zer eskaintzen diogun ezagutu eta baloratu. Lurralde eta gizarte bereko kideak gara eta elkarren beharra daukagu, baina harreman orekatua behar dugu. Gure herriaren etorkizun hoberako, kultura urbanoaren eta landa eremuko kulturaren arteko elkarbizitza orekatua behar ditugu».



Jakina, mundua bizkor aldatzen ari da, eta jakitun dira herri txikiak. Norberaren izaera mantentzeari uko egin gabe, jakina, aldaketaren aukerez baliatzeko prest daudela azaltzen du dokumentuak. «Etengabe eta oso azkar aldatzen doan mundu eta gizarte globalizatuan, herri txikiok ere etengabe gure burua egokitu beharra dugu. Etorkizun ona izan dezagun etengabeko berrikuntza eta ikerketa bultzatu nahi ditugu, landa eremuko komunitateek beharrezko ditugun arlo guztietan: gobernantza sistema berrietan, kulturaren garatzean, ekonomia berrietako aukeretan, ekologian eta abarretan» dio.

Hausnarketak eta eztabaidak, benetakoak badira, berezkoa dute kritika ere. Zeraingo alkate Arantxa Ruiz de Larrinagak, esate baterako, Gipuzkoako Aldundiak diru-laguntzak banatzeko orduan herrien biztanle kopurua soilik ez dezala kontuan hartu eskatu zuen, «horrela herri txikiak beti galtzen irtengo garelako». Are gehiago, Tolosaldeko eta Goierriko herri txikietara ez dela finantziaziorik ailegatzen ari adierazi zuen: «Ez dakit Gipuzkoa zigortzen ari diren, baina Arabara doa dena. Nafarroan, berriz, herri txikietara diru asko bideratzen ari dela entzun diogu parte hartzaile bati».

Edozein modutan, esperantzarako deia eginez bukatu da Zeraingo kongresua. Izan ere, herri txikiak elkarrekin lanean ari dira, etorkizuna lantzen, «lehen bezala orain, eta orain bezala gero, herri txikietako jendeak ere, ondo bizi nahi dugulako».