Gotzon ARANBURU
AZPEITIA

Azpeitiko Topaketak

Azpeitia da, azaroan zehar, euskal antzerkiaren Broadway. Mota guztietako teatroa, euskaraz, ari dira dastatzen emanaldi guztietan Soreasu antzokia ia ia betetzen duten ikusleak. Dramatikoa, umorezkoa, klasikoa, alternatiboa, ume eta helduentzakoa, eskaintza zabala da eta ez luke inongo antzerkizalek galdu behar. Oraindik falta dira egun batzuk bukatzeko, eta ‘Zerura eroria. Kriston eromena’, ‘Mr. Señora’ edo ‘Ahantzitako oroitzapenak’ ikusteko aukera izango du Azpeitira gerturatzen denak.

‘Sweeney’ antzezlanaren entsegua. (Gotzon ARANBURU)
‘Sweeney’ antzezlanaren entsegua. (Gotzon ARANBURU)

Hemeretzi antzoki omen daude Broadwayen. Euskal Antzerki Topaketak hartzeko ez dira hainbeste behar, baina Soreasun eta Gaztetxean etengabekoa da mugimendua. Ez dira emanaldiak bakarrik, entseguak ere egin beharra dago, eta horietako baten lekuko izan gara, hain zuzen ere Soreasun prestatzen ari diren ‘Sweeney’ obrarena. Atzera eta aurrera dabiltza aktoreak, aulkietatik agertokira eta alderantziz, beti ere Amancay Gaztañagak gozo asko ematen dizkien aginduak betez. Amancayk, gaztea izan arren, eskarmentu handia du antzerkigintzan eta badaki nola «eraman» gizon eta emakume hauek antzeztokian barruan duten guztia eman dezaten.

Eszenak prestatzeko orduan barreak behin eta berriro entzuten dira, baina Gaztañagak «hasi» esaten duen momentuan transformazio bat gertatzen da aktoreengan eta pertsonaiaren larruan sartzen dira erabat. Dagoeneko oso ondo ikasita daukate testua, eta berebiziko indarrez botatzen dute. Eszena bat bestearen atzetik entseatu eta dena ondo ateratzen ari da. Amancayk argiak ere kontrolatzen ditu, noiz indartsuago eta noiz ahulago behar den. Musikari ere adi dago. Bera arduratu da Stephen Sondheimen estatubatuarraren obra euskaratzeaz, gidoiaz, dramaturgiaz eta zuzendaritzaz. «Hau guztia ikasi egiten da, ez da denborapasa, ofizio bat baizik» diosku, antzerkigintzako profesionalen lanaren garrantzia aldarrikatuz.

Hogeita hamalau edizio bete ditu aurtengoarekin Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak. Eta aurreko 33etan gertatu ez dena gertatu da oraingoan: aurreneko aldiz, Lakuako Gobernuak ukatu egin dio diru-laguntza. Kolpe latza, baina ez Azpeitiko Udalak atzera egiteko adinakoa. Kultura zinegotzi den Ainara Larrañagak garbi asko dio euskararen eta antzerkiaren aldeko apustuari eutsi egin diola eta eutsi egingo diola Udalak, aurrekontua bere gain hartuz. Azpeitira etorri beharreko txanponak «hiri batera» joan ote diren susmoa du Larrañagak. Sarrerak oso moduan saltzen dira: 5 euro helduentzat eta 3 euro hamalau urtetik beherakoentzat. Ikastetxeetako umeentzako emanaldiak ere izan dira, bai Azpeitikoentzat baita eskualdeko besteentzat ere.

Hamazazpi lan

Hamazazpi antzezlanek osatu dute aurtengo Topaketen eskaintza, horien artean ‘Francoren bilobari gutunak’, ‘Sarean kateatuak’, ‘Mami Lebrun’, ‘Bi izarren kalenturak’ edo ‘E, Petrel!’. Antzerki taldeen artean, beste batzuen artean, Txalo Produkzioak, Astrolabium edo Xake Produkzioak. Eta aktoreak aipatzen hasita, bada Ander Lipus, Erika Olaizola, Miren Gojenola, Olatz Beobide edo Kepa Errasti aipatu behar, besteak beste.



Begiratu batera badirudi, honelako ekoizpenak ikusita, euskal antzerkiak garai gozoak bizi dituela. Baina gazia ere ez da falta, Amancay Gaztañagak azaldu digunez: «Lehenago ere larri genbiltzan, baina BEZ kulturala jarri zutenetik are larriago. Laguntza publikoak ere beheraka doaz. Eta ondorioz, ekoizpenen kalitateak behera egin duela esango nuke. Aktoreoi dagokigunez, askotan ia musutruk ari gara lan egiten, ofizio honekiko benetako pasioa sentitzen dugulako, baina oso momentu gogorra pasatzen ari da jendea. Diru ezak denoi eragiten digu, aktoreoi, eszenografoei, teknikoei…».

Beste kontu bat ere aipatu nahi du Gaztañagak: «Diru laguntzak hiri handietara soilik bideratzea ez da onargarria: herri txikietako jendeak ere eskubide berberak dauzka. Ikusi non egiten diren topaketa hauek; ez Donostian edo Bilbon, Azpeitian baizik».

Intepretazioa ikasten ari diren gazteei aholku argia eman die Amancay, daukan eskarmentuan oinarrituta. Joan daitezela kanpora, kanpoan ikas dezatela, maisu onen eskutik, eta ondoren itzul daitezela Euskal Herrira. «Kanpora joan izan garenok ez badugu itzulerako bidea egiten, hau hutsik lagatzen dugu, eta berriro ere hemengoek kanpora joaten segi beharko dute» diosku. Irtetea ezinbestekotzat dauka artista izan nahi duenarentzat, ez geratzea toki txiki batean, hor eroso bizitzea balitekeelako, baina haztea ez. «Nire ustez, Euskal Herrian oso eroso bizi gara, geure burbuilatxoan, baina hori ez da ona artearentzat» diosku.

Bitxikeria bat da aurtengo Topaketan: ez da antzerki talde azpeitiarrik izango taula gainean. Baina bai aktore azpeitiar ugari, gehienak Zestoako Eromen Produkzioak-en eskutik. Ainhoa Casinaren kasua da. «Beti, beti» aktore izan nahi izan du, beste norbaiten azalean sartu eta hura gorpuztu. Bizia ematen dio horrek. ‘Euli giro’ eta ‘Uda gau bateko ametsa’ antzezlanetan aritua da aurretik Azpeitian, eta orain ‘Sweeney’n. Ama izan berria da, baina amatasuna antzerkiarekin uztartzea lortu du, eta horrek zoriontsu egiten duela esan digu kamerinoan, entsegua bukatutakoan.

Aktore azpeitiarrez ari garela, ezin ahaztu duela gutxi hildako bi, Iñaki Bergara eta Kontxu Odriozola hain zuzen ere. Amaiera-ikuskizuna Iñakiri eta Kontxuri azken agurra egiteko izango da, Elkano abesbatzaren ‘Ahantzitako oroitzapenak’ kontzertu antzeztuarekin.

Datozen egunotan Azpeitira gerturatzen denak goian aipatutako hiru lanak ikusteko aukera izango du. ‘Zerura erorian’ kapitalismoa zerura ere iritsi dela ikusiko dugu, eta zer arazo izango dituen Armandok han atseden hartzeko, bere produktibitate eskasaren erruz. ‘Mr. Señora’ lanean, berriz, inoiz armairutik irteteko pausua eman dutenei maitasun adierazpena egingo zaie, eta ‘Ahantzitako oroitzapenak’ lanean alzheimerrak jota dagoen amona Maritxu –Itziar Aizpuru– eta haren biloba Maddi –Maialen Urbieta– ikusiko ditugu agertokian, Elkano Abesbatzak lagunduta.