NAIZ

Urkulluren sailburuek beren karguak zin egin dituzte

Lakuako Gobernuko sailburuak beren karguen jabe egin dira Ajuria Enean egin den ekitaldian.

Urkullu eta bere Gobernuko hamaika sailburuak, familia argazkian. (ARGAZKI PRESS)
Urkullu eta bere Gobernuko hamaika sailburuak, familia argazkian. (ARGAZKI PRESS)

Gernikako Estatutuaren ale bat alboan zutela zin egin dituzte beren karguak Iñigo Urkulluk izendatutako sailburuek Ajuria Enea jauregian egin den ekitaldian.

«Hartzen dudan agintea, Euskadiren zerbitzuan eta legearen arabera, zintzo eta leialki erabiliko dudala, hitz ematen dut» formula erabili dute karguaz jabetzerakoan hamaika sailburuek, duela lau urte bezala.

Ondoren, familia argazkia atera dute Ajuria Enea kanpoaldean.

Lehendakariak nabarmendu duenez, berea Gobernu «irekia» da, «Euskadiren etorkizunerako erabakigarria» izango den legealdi honetan. Lehendabizi hartuko dituen neurriak 2017rako aurrekontu proiektua egitea, gobernu programa osatu eta aurkeztea, lege-egutegia onartzea eta enplegu eta ekonomia suspertzeko programa ezagutaraztea dira.

Bihar egingo dute Gobernu Kontseilu berriaren lehen bilera.